'Musik'Haria' diskoa kaleratu dau Naia Robles Arangizek

Bizkaie! 2019-01-14 10:45   Musikea

Euskeraz ez eze, beste lau hizkuntzatan be kantau dau lan barrian.

Aspaldiko partez, disko barria argitaratu dau Naia Robles Arangizek. Ondare musikal zabala jaso dau familiatik, Robles Arangiztarrak betidanik egon diralako euskal kultureari eta gizarteari lotuak. Musik'Haria honetan be, euskal kanta tradizionalak dira errepertorioaren ardatzetako bat. Agorila diskoetxeagaz plazaratu dau lana.

Euskal kantugintzea gustuko dauen edonork ezagutzeko moduko hainbat abesti dakarz Musik'Haria-k. Esate baterako, Benito Lertxundiren Nere herriko neskatxa maite, Anje Duhalderen Zazpi lore, eta Maitia nun zira herrikoia. Hamalau kantu dira, erdiak, zazpi, euskeraz. Besteak, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez eta portugesez dagoz.

Estilo eta jatorri ugari buztartu ditu Robles Arangizek disko barrian. Agorila diskoetxeak azaldu dauenez, kantu bakotxa artistearen bizitzako momentu jakin bati edo hurreko persona bati lotuta dago, hau da, bere bizitzearen playlist-a da. Familiatik oinordetzan jasotako kultura musikalari omenaldia egin nahi izan deutso Naia Robles Arangizek.

Bakarkako hirugarren diskoa dau Naia Robles Arangizek (danetara, hamar diskotan hartu dau parte). Baina horrek ez dau esan nahi bakarrik ibili danik, kolaboratzaile ugarik lagundu deutsie eta. Robles Arangizen ahots nagusiari batu jakoz Haize Delavigne-Robles, Yannick Tellechea eta Xabi Albistur. Azken biek gitarrea be jo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu