Rodeo talde zestoarrak 'Dilmun' diskoa kaleratu dau
2019-01-11 11:37 MusikeaEuren soinuaren bila beste pausu bat egiteko ahalegina da lan barria.
Antxinako sumeriarren paradisuaren izena da Dilmun, eta Rodeo zestoarrek hortik hartu dabe euren bigarren diskoaren izenburua. Izan be, eurek azaldu dabenez, gaur egun bizi dogun giza eskubideen paradisuaren antzekoa da Dilmun, itxuraz dana paketsu. Baina itxura horren azpiko gerrea, miseria eta merkantilizazinoa salatu nahi ditue. Begien bistan daukien errealidadea, eta horrek eragiten deutsen ezinegona, dira disko barriko hamabi kanten abiapuntua.
Doinuei jagokenez, ahotsaren melodiak landuago dagoz Dilmun-en, eta doinu ilun eta zuzenagoa bilatu dabe, progresino instrumental lasaiak guztiz ahaztu barik. Gure soinuaren bila beste pausu bat emoten saiatu gara, adierazo dabe taldekideek.
Gaztain estudioetan grabau dabe Dilmun, Eñaut Gaztañaga teknikariagaz. Masterizazinoa Estanis Elorzaren ardurea izan da. Rodeo taldeko bost kideak, ostera, honeek dira: Mikel Illarramendi (ahotsa eta gitarrea), Oroitz Urbieta (bateria), Ortzi Alberdi (gitarrea) eta Beñat Subinas (baxua).
Gaur, barikua, Azkoitian joko ditue zuzenean disko barriko kantak. Hilaren 18an Oñatin izango dira, eta 19an Bakion. Zezeilean, Azpeitian (2an), Iruñean (8an) eta Andoainen (23an) joko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!