Txinatar hondamendiaren ikasgaiak

Zigor Aldama 2019-01-11 09:46   Bidaide

Txina hutsaren hurrengo herrialdea dala esatea probokazinoa da txinatarrentzat.

D&G Dolce&Gabbana irakurten da mundu osoan baina Txinan Dead&Gone (hilda eta desagertua) izentau dabe. Asiako Erraldoian, aitatu markako denda batera joan ezkero, ez da izentapen txarra, izan be, hutsik dagoz. Italiako markeak upealako ekatxa eragin dau Txinan eta Arabiar Emirerri Batuak eta Errusiaren ondoren, mundu mailan hirugarren indarra izanda, atzerriko enpresa batek Txinan egin behar ez dauena egin dau.

D&G etxeak Shanghaiko gazteak erakarri gura zituan eta hori lortzeko pasa dan zemendiaren 21ean dirutza handia gastau eban The Great Show ikuskizun erraldoia atontzeko. Italiarrek 18.700 metro koadroko aretoa hartu eben alogeran; 2.500 behargin eta 360 modelo eta espezialidade ezbardinetako 120 performers kontratau eta 1.500 lagun konbidau zituen, Txinako gaina eta lorea.

Baina alfonbra gorria izarrez betetan hasi baino ordu batzuk lehenago, upealako polemikea biztu zan okasinorako egindako sustapen bideoakaitik, baita Instagram sarean Stefano Gabbana sortzailekidearen eta Vietnameko idazle baten arteko alkarrizketa sutsuagaitik. Kontuak kontu, bertan behera geratu zan ekitaldia eta sekulako astrapalea sortu zan herritarren artean be. Goi mailako konbidadu batzuen hasarreari esker Dolce&Gabbana etxeagaz zituen kontratuak bertan behera geratu ziran; ganera, konsumitzaileek boikota egin eutsien aitatu markeari eta, azkenean, denden aurrealdeetan egindako manifestazinoez gan, online plataforma ngusienetatik Dolce&Gabbanaren produktuak kendu zituen.

Txinako gobernua ez zan aitatu gorabeheran aparte geratu eta komunikatu gogorra plazaratu eban Alderdi Komunistako Zuzenbide eta Politika sailak: Errespetua edozein alkartrukeren oinarria da eta D&G-ren kanpainea dan 'zotzakaz jan' lako iragarkiak Txinan ondoetorriak ez diran arren, zabal jokatzen dogu holako estereotipoakaz. Baina Txina hutsaren hurrengo herrialdea dala esatea probokazinoa da txinatarrentzat, Gabbanaren berbak eta txinatar gazte bat Italiako errezeta tipikoak Txinako zotzakaz jaten agiri dan iragarkia gogoan.

Polemika hau ulertzeko testuingurua be ezagutu behar da, izan be, Txina eta AEBen arteko merkataritzako gorabeherak indarrean dagoz eta Txinaren kontrako jarrerea be zabal dabil azaldu dau Chiang Jeongwen, China-Europe International Business School (CEIBS) ospetsuko irakasleak. Abertzaletasun jarrera hori Gobernuak berak defendiduten dau herritarren artean jarrera gogorrak sortarazoz adierazo dau.

Halan da be, izena emon gura ez dauen Italiako lujo handiko beste marka bateko txinatar behargin batek polemikea baztertu eta jenteak ez dituala beste kasu batzuk gogoratzen adierazo dau; lehenago beste herrialde batzuetako, batez be, Japoniako marka batzuek boikotak izan ditue eta hasieran zaparradea handia izango bada be, egoerea azkar normalduko da. aurreratu dau.

Ezustean, Hu Xijin, Txinako abertzaletasun sutsuaren sustatzaile nagusia dan Global Times egunkari ofizialistako argitaratzaileak berak be adierazo dau polemikea abertzaletasun sentimenduaren gehiegizko jarrerea izan dala. Haren eretxiz, D&G etxearen ekitaldi erraldoiak ez dauka indarrik gizartean ondasun preziatuena dan abertzaletasuna hankaz gora jarteko. Txinako internet erabiltzaile gitxi batzuen esanetan, larregi izan da, umekeria Txinaren erantzuna. Dana dala, ez da lehenengo aldia izan eta azkena be ez da izango.

Askotan marka eurak dira oker jokatu eta dirutza handiak pagau behar izaten dituenak. Eta ez dau ardura ze gauza txikiak diran sarritan. Horren erakusgarri Gigi Hadid modeloak txinatar etxurea hartzeko begiak luzatuz Instagramen egin eban txistea. Kontua da ze Txinako Gobernuak bisadua kendu eutsola modeloari Txinan Victoria’s Secret etxearen lehenengo desfilean parte hartzea galarazoz. D&Gren kasuan legez, parkamena eskatuz grabautako bideo batek ez eban konponbiderik ekarri.

Era berean, sano polemikoa izan zan Hego Koreako Lotte supermerkatu kateari egin eutsien boikota, izan be, enpreseak baimena emon eutsen Seulgo agintariei AEBgaz batera diseinautako misilen kontrako babesa jarteko. Txinako bezeroek gogor kritikau eben erabagia eta supermerkatuetan kalteak eraginez bideoak be grabau zituen. Agintariek, barriz, 55 lokal zarratzeko agindua emon eben.

Baina enpresek ez dabe beti euren egintzen ondorioak igarten eta aurreikusten. Txinako baloreen kontrako jarrera gogorren aurrean nahikoa apal agertzen dira baina Txinako Gobernuak ez dau bromarik gura. Askotan pasau da hori Txinako abertzaleen jomugea diran Japoniako enpresa batzuekaz, izan be, lurralde batzuetako subiranotasun kontuetan gogor jokatu dabe alde biek, Txinak eta Tokiok. Manifestazinoak ia-ia galazota dagoz eta polizia geldi egotea manifestariek Toyota kotxeak birrintzen dagozan bitartean, sano deigarria da eta Txinak D&G herrialdetik kanporatzea be ez da bape kasualidadea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu