Gipuzkoako Aldundiak Joxean Artzeren ondarea jagongo dau

Bizkaie! 2019-01-10 10:11   Kulturea

Igaz hil zan euskal literaturako azken hamarkadetako autore barritzaileenetakoa izan zana.

Artzeren testuak eta agiriak (argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Joxean Artze musikari eta poeta usurbildarraren ondare aberatsa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku itxi dau haren familiak, erakundeak dokumentu guztiak sailkatu, gorde eta jentearen esku ipini deiazan. Albistea jakitera emoteko, agerraldia egin dabe Donostian Denis Itxaso Foru Aldundiko Kultura diputaduak, Pío Pérez adituak eta Karmen Esteban artistearen alargunak.

Poesiak eta testuak dira, gehienbat, ondare horren oinarria, baina Joxean Artzeren estilo esperimentalaren erakusgarri bikaina dira: Papelean modu arruntean jarritako olerkiakaz batera dagoz koloretan egindakoak, egurrean idatzitakoak... ordura arte zurrun itxurea eukan euskal poesia bide askotatik eroan eban artistearen irudimenak. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, euskerazko poesia esperimentalaren eta abangoardiakoaren sortzaile izan zan, Xabier Letegaz batera.

Horrezaz gan, argazki personalak, gutunak, laneko agiriak, poesiaren oinarri izandako objektuak eta abar jaso ditu Gipuzkoako Aldundiak dohaintzan. Lehendik gordeta izan ditu Artzek sortutako edo haren ganean idatzitako 70 argitalpen inguru. Aurrerantzean, usurbildarraren ondare guztia leku bakarrean batuko dabe, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian.

Denis Itxasok zera adierazo dau: Poeta handi baten funts osoak lortu ditu Aldundiak, hartara, barreiatu edo izkutuan egon ez daitezan. Geure egin doguz euskal kulturearen ondare bardinbako bat eta aparteko dokumentu iturri bat, aukerea emoten deuskuna haren sorkuntza-prozesuaren ganeko begirada pribilegiadua izateko eta memoria bizirik euki daigun. Konpromisoa hartu dogu ondare hori konserbau, jagon eta ezagutzera emoteko.

Beste alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EHUren Mikel Laboa Katedrearen alkarlanari esker, Joxean Artze ikerketa-bekea sortuko dabe, doktore tesiei laguntzeko. Tesiak XX. mendeko euskal poeta eta idazleen ingurukoak izango dira. Foru Aldundiak 22.000 euro ipiniko ditu urtero.

Joxean Artze 2018ko urtarrilaren 12an hil zan. Lehenengo urteurrena zapatuan beteko danez, hainbat omenaldi eta ekintza antolatu ditue. Hasteko, gaur, eguena, Bilboko Kafe Antzokian, Izar & Star zikloko saioaren ardatza izango da Artze.

Carmen Esteban alarguna, artistearen testuak ikusten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu