'Larart' proiektu poliedrikoa martxan da

Bizkaie! 2019-01-09 11:57   Kulturea

Larart, Kultura eta Sormen Industrien bidez errefuxiatuei lekua emoten deutsen nazinoarteko plataformea da.



Larart Kultura eta Sormen Industrien bidez errefuxiatuei lekua emoten deutsen proiektua da. Egun, oso ezaguna da errefuxiatuek bizi daben egoera gogorra; biziteko lekurik ez eta iges egin beharra, ezelako igarobide seguru barik. Baliabiderik barik. Baina soka honek urte piloa daroaz tenkatuegi eta eusten deutsen hariak hausten jarraitzen dabe, gizarteak, oro har, dauen jarrerea eta inplikazinoa oso txikia dalako.

Larart greziar mitologiako lar eta artea inglesez art berben arteko fusinoa da. Lar-ak etxe babesle bilakatzen dira eta proiektu horrek hori aldarrikatu nahi dau, errefuxiatuek behar dan lez biziteko leku bat izatea. Gizarte eraldaketa hori, Artearen eta Kulturearen bitartez emongo da. Iraganean egon dan eta orainaldian mundu mailan dagoan errefuxiatuen arazoei aurre egiteko, bide barritzaileak kontuan hartzen dituan proiektu soziala da Larart.

Larart proiektu poliedrikoa da, jantzak, ikus-entzunezkoak eta ekintza pedagogikoak aurrera daroazana. Gauzak holan dirala, Basoa produkzino koreografikoa, Basotik Itsasora ikus-entzunezkoa, gigantografien erakusketea eta bitartekaritza prozesuak martxan ditu Gurs kanpalekuko eta Mediterraneoan egun errefuxiatuek bizi daben bizi egoerearen erakusle.


Helburuak

Larart Kultura eta Sormen Industrien bidez errefuxiatuei lekua emoten deutsen nazinoarteko plataformea da. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko mugez haragoko gizartean ondorengo helburuak lortu nahi ditu:

> Kultura eta Sormen Industrien bidez gizarte eraldaketea posible dala erakutsi.
> Kultura eta Sormen Industrien bidez errefuxiatuen arazo global handiari aurre egin.
> Errefuxiatuen inguruan gogoeta globala zabaldu.
> Kultura eta Sormen Industriakaz lotutako ondarea sortu errefuxiatuen arazoa bistaratzeko.
> Arteak eta Kultureak arazoei aurre egiteko daben balioa azpimarratu.
> Mugaz gaindiko kooperazinoa sortu.
> Artea eta Kulturea balioan jarri.
> Etorkizuneko gizarte hobea eregi errefuxiatuen arloan.
> Oroimena aldarrikatu.
> Alkartasunerako deia suspertu.

Produkzino artistiko ezbardinak datorren apirilean izango dabe estreinaldia, La Retirada-ren, Gurseko kanpalekuaren 80. urteurrena beteteagaz batera.

Proiektua Hotz Zarautz, Dantzaz Konpainia eta Txikota Komunikazinoaren alkarlanaren ondorioa da, Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa