'Istorio Biziak' I. Mikro-kontakizun Lehiaketea Bilbon

Bizkaie! 2019-01-09 07:59   Kulturea

Aurretik izena emon behar da urtarrilaren 14tik 25era, Kultura Barrutik webgunearen bitartez.

Bilboko Udalak lehenengo Istorio Biziak mikro-kontakizun lehiaketea deitu dau, ahozko narrazinoari buruzko Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS programearen seigarren edizinoaren barruan. Zezeilean zenbait jarduera izango dira Castañoseko eta Zurbaranbarriko Udaltegietan, baita 2. Barrutiko beste gune batzuetan be. Asko izan dira aurreko edizinoetan Taller de microrrelatos – El arte de la brevedad izeneko sorkuntza gunean parte hartu dabenak; hori dala eta, egokia da literatura lehiaketea deitzea, literaturako sorkuntzea bultzatzeko.

Lehiaketea edozein nazionalidade edo bizileku daben 18 urtetik gorakoei dago zuzenduta. 100 eta 150 berba arteko euren testu jatorrizkoak eta argitaratu bakoak zezeilaren lehenaren aurretik aurkeztu beharko ditue. Sariak zezeilaren 24an ezagutarazoko dira. Sari bakarra emongo jako euskeraz edo gaztelaniaz idatzitako mikro-kontakizun onenari, eta akzesit bi, hizkuntza bakotxeko testu onenei, FNACen lankidetzeagaz. Jatorrizko lanak aurkezteko oinarriak eta izena emoteko formularioa udal webgunean dagoz.

Kobazuloko bizhitzak / Palabras en la oscuridad izenburupean zezeilaren 11tik 24ra arteko programeak, ahozko narrazinoari eta mikro-kontakizuna idazteko teknikei buruz apur bat gehiago ikasteko laborategi bi proponiduko ditu, programazinoaren aurrerapen legez. Mikro-kontakizunen laborategia Ana Belén Alonso ALFA idazketa sortzaile tailerreko koordinatzaileak emongo dau. Helduei zuzendutako idazketa tailer hori urtarrilaren 30ean izango da Zurbaranbarriko Udaltegian, eta 31n, Castañosekoan, 19:30etik 21:30era.

Pedro Ruiz (Alabazan) ipuin-kontalari adituak dinamizauko dauen ahozko narrazino laborategiari jagokonez, Castañoseko Udaltegian emongo da urtarrilaren 30ean eta zezeilaren 1, 6 eta 8an, 19:00etatik 21:00etara. Partaidetzea persona bakotxaren ama hizkuntzan izango da (euskeraz edo gaztelaniaz). Tailerra praktikoa eta ludikoa izango da, eta zezeilaren 22rako ipuin-kontalari saio bat programau da, ikasitako guztia landu ahal izateko. Laborategi betan parte hartzeko plaza kopurua mugatua da, eta, ondorioz, aurretik izena emon beharko da, hile honetako 14tik 25era Kultura Barrutik webgunearen bitartez, eta matrikulearen 2 edo 3 euro ordaindu, hurranez hurran.

Aurten, Gogoratzen dut.../ Yo recuerdo... izenburupean, bere auzoagaz lotutako gomutaren bat berreskuratzeko eta kontetako gonbita egiten jako jenteari, eta hori, Kultura Barrutik-en Facebook gunean argitaratuko diran argazkietan gordeko da. Auzoaren gomutearen zati txikiak berreskuratzeko saioak urtarrilaren 29, 30 eta 31n egingo dira Zurbaranbarriko Udaltegian eta zezeilaren 5, 6 eta 7an Castañosekoan, goizez eta arratsaldez, eta Bego Alabazanek eta Pedro Ruizek dinamizauko ditue.

Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu