Jesus Mari Arruabarrenaren argazkiak Elorrion ipini ditue
2019-01-07 11:08 KultureaMuga erakusketea urtarrilaren 31ra arte egongo da Iturri Kultur Etxean.
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan ibili zan luzaro Jesus Mari Arruabarrena argazkilaria, alde baten eta bestean bizi diranen egunerokoa, banaketa lerro horrek sortu dituan paisaiak eta eragin soziala aztertzen. Kartografia fisiko eta emozional horretan, Arruabarrenak bere barrura be begiratu dau.
Bizkaiko Foru Liburutegiak bultzatuta, Muga argazki liburua plazaratu dau Arruabarrenak, bere ibilbideko zazpigarrena. Izen bereko erakusketea be atondu dau, zuri-baltzezko 50 argazkiduna. Igaz Bilbon ikusi ahal izan zan eta, orain, Elorriora heldu da, Udalak iragarri dauenez.
Gaur, urtarrilak 7, zabaldu dabe Muga, Iturri Kultur Etxean, eta hantxe egongo da 31ra arte. Goizeko 09:30etik iluntzeko 21:00ak arte edegita egongo da aretoa. Ganera, Arruabarrena gidari dala, bisitaldi bi antolatu ditue: Hilaren 15ean euskeraz, eta 21ean gaztelaniaz. 19:00etan hasiko dira eta ez da beharrezkoa aurretiaz izena emotea.
Argazkilariaren beraren bidaiea ez eze, Orson Welles amerikarrak zuzendutako Pays Basque dokumentala da Muga liburuaren eta erakusketearen oinarria. Comète Sarea, Vallespin gotorlekua, Erronkariko Enarak, kontrabandoa eta abarren gomutea agiri da argazkietan.
Proiektuaren helburuak honakoak dira: Mugak banatutako eta izaera propioa dauen komunidade bat erakutsi; irudien bidez Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetako bizimodua iradoki; eta hurreko historiaren inguruko lekukotzea emotea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!