Ume eta gazteei lagunduko deutsie errege-opil solidarioagaz

Bizkaie! 2019-01-04 11:38   Kulturea

Bilboko Plaza Barrian banatuko ditu Caritasek 3.000 zatiak, zapatuan.

Ekimenaren aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Errege-opil erraldoia eta solidarioa aurkeztuko dau Bizkaiko Caritasek zapatuan, hilak 5, Bilboko Plaza Barrian, goizeko 11:00etan. 500 kiloko erroskoia 3.000 zatitan banatuko dabe, eta bertaratzen diranek zati bana jan ahal izango dabe, euro bateko dohaintzearen truke. Txokolate beroa be edan ahal izango da.

Caritasek azaldu dauenez, errezeta tradizionala erabiliko dabe opil erraldoia egiteko. Hori dala eta, 250 kilo urun, 50 kilo azukera, 75 kilo gurin, 100 dozena arrautza, 25 litro ur, 25 kilo legamia, 5 kilo gatz eta hainbat klasetako frutak behar izango ditue. Bizkaiko Okindegien Alkarteak egingo dau erroskoia, hainbat babesleren laguntzinoagaz.

Alkartasuna, gastronomiagaz ez eze, jai giroagaz be buztartu nahi dau Caritasek. Horretarako, 11:00etan hasita, ume eta familientzako jarduerak atonduko ditue: Olgeta kooperatiboak, arpegia marrazteko tailerrak, globoflexia... Bizkaiko persona ezagunek osterea egingo dabe errege-opila herritarrakaz batera jateko.

Aurtengo erroskoi solidarioan batutako dirua umeei eta gazteei laguntzeko erabiliko dau Bizkaiko Caritasek. Batetik, beharrizanean dagozan ume txikiei hezkuntza egokirako aukerea emoten deutsen 20 bat egitasmo finantzauko ditue. Gaitasun kognitibo, personal, sozial eta familiakoak hobetu ahal izango ditue 670 neska-mutilek.

Bestetik, 18 eta 23 urte bitarteko gazteei, emantzipazinoan eta bizimodu duina izateko bidean lagunduko deutsie Errege Egunaren bezperan batutako diruagaz. Heldutasunerako bidean, gaur egun Bizkaiko 40 gazte ingurugaz egiten dau behar Caritasek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu