X. Wanted irabazleak: Oreka, Osito&Co, Hondale, Komunitatea Hartu eta GetxoEXP

Bizkaie! 2019-01-03 12:57   Kulturea

Eskudirutan jasotako sariaz gan, proiektu bakotxak 10 orduko aholkularitza profesionala jasoko dau.

Getxoko Gazteria Zerbitzuak eta Ekonomia Sustapenak bultzatzen dauen X. Wanted Lehiaketan, ondokoak izan dira irabazleak: Oreka, Osito&Co, Hondale, Komunitatea Hartu eta GetxoEXP.

Oreka Denis Ugalderen proiektua da eta elikagaiak berreskuratzeko B2B zerbitzua eskaintzen dau. Plataforma baten bitartez elikagai-soberakinaren eragile emoileen eta irabazi-asmorik bako erakunde hartzaileen arteko loturea koordinertan da; holan, lehenengoei zerga-onurak bermatuko jakez, gizarte eta ingurumen eraginagaz batera. Ekimen honek 7.500€ jasoko ditu.

Tamar Gigolashivilik sustatutako Osito&Co izenekoa gastronomiaren eremuko barrikuntza-proiektua da eta gominola alkoholdunak sortzea da oinarria, ondoren horreek merkaturatzeko asmotan. Idea hori aurrera eroateko sustatzaileak 10.500€ jasoko ditu.

Hondale fikzinoko film laburra da eta Getxoko udalerriari ikusgaitasuna emoteaz gan, urteak zelan igaroten diran lantzen dau eta edadeko personei erreparetan deutse. Sustatzailea Ainara Mentxaka Rodriguez da eta 7.385€ jasoko ditu.

Komunitatea Hartu izeneko proiektuak edadeko personen kontakizunari balioa emon nahi deutso, gizartearen transmisinoa berreskuratzeko helburuaz. Horretarako, belaunaldien arteko tailerrak eta argazki-erakusketak erabilten ditue. Ane López de Letona egileak 5.115€ jasoko dau.

Azkenik, GetxoEXP Itxaso Bereistegi Hoyos eta Karla Crego Cordónen proiektu soziokulturala da, gai desbardinen inguruan (jantzak, kaligrafia, argazkia...) esperientziak nahiz erakusketak sortzeko. Proiektu hau kontratatua izango da Getxoarte ekimenaren barruan aurrera eroateko (10.000€).

Eskudirutan jasotako sariaz gan, proiektu bakotxak 10 orduko aholkularitza profesionala jasoko dau, talde bakotxak aukeratzen dauen gaiaren inguruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu