Javier Ruiz de Larrinagak erretiroa hartuko dau
2019-01-03 11:54 KultureaEuskal ziklokrossaren ordezkari nagusietako bat izan da azken urteotan.
Ohar baten bidez emon dau agurraren barri Javier Ruiz de Larrinaga ziklokrosslari arabarrak. 39 urte daukaz, baina oraindino puntaren puntan dabil: Igorren eta Euskadiko Txapelketan onena izan zan joan dan hilean, eta Munduko Txapelketarako sailkatzea dau azken helburua.
Halandabe, goi mailako kirola ixteko momentu egokia dala adierazo dau oharrean. Txirrindularitzeari lotuta segiduteko asmoa dauka, urteotan ikasitako guztia gazteei erakusten. Euskal ziklokrossa ondo dagoala uste dau, eta bere pausuak segiduko dituan gazteren bat egongo dalakoan dago Ruiz de Larrinaga.
Urte barriagaz batera iragarri dau agurra, denporaldia amaitu barik dagoala. Era horretara, Ruiz de Larrinaga bizikleta ganean ikusteko azken aukera batzuk izango ditue zaleek. Batetik, euskal zirkuituko azken lasterketea jokatuko da, Ormaiztegin. Bestetik, Espainiako Txapelketara be joango da arabarra. Nazinoartean, Pontchâteau eta Hoogerheideko lasterketetan korriduko dau, eta sailkatzen bada, Munduko Txapelketan zarratuko dau bere ibilbidea.
Errepideko txirrindularitzan ibili eta gero, 2006an ekin eutsan Ruiz de Larrinagak ziklokrossari. Danetara, 75 lasterketa irabazi ditu, eta makina bat aldiz izan da Euskadiko eta Espainiako txapeldun. Atzerriko lasterketa entzutetsuetan be sarri hartu izan dau parte. 13 denporaldi egin ditu profesionaletan. Ibilbide hori ikusita, Euskal Herriko ziklokrosslari onenetako bat izan dala garbi dago.
2019ko Itzulia
Beste alde batetik, errepideko txirrindularitzan, 2019ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidearen barri emon dabe antolatzaileek. Nobedadeak dakarz aurtengo edizinoak, lehenengo etapatik hasita. 12 kilometroko erlojuaren kontrako etapeagaz hasiko da Itzulia, Zumarragan. 1977tik Itzulia ez da era horretako etapa bategaz hasi.
Egues ibarrean amaituko da bigarren etapea, Gasteizen hirugarrena eta beste nobedade bat laugarren egunean etorriko da: Historian lehenengo aldiz Euskal Herriko Itzuliko helmugea Arrigorriagan egongo da. Handik urtengo dau bosgarren etapeak, Arrateko santutegira bidean. Azken etapea Eibarren amaituko da. Euskal Herriko Itzulia apirilaren 8tik 13ra egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!