'Antzerki Idazketa VI. Laborategian' jorratutako Aizpea Goenagaren testu bat argitaratu dabe

Bizkaie! 2019-01-02 08:25   Kulturea

Bildumeak QY Bazo, Paco Gámez, Javier Hernando, Eva Redondo eta Elena María Sánchez antzerkigileen lanak be jaso ditu.

SGAE Fundazinoak bere Antzerki Idazketa VI. Laborategian jorratutako testuen bilduma barria kaleratu dau; 2018ko estreineko sei hilebeteetan landutako beste horrenbeste testu edo antzerki-lan jaso ditue. Antzerki laborategia Itziar Pascual antzerkigilearen koordinaziopean egin eben.

Teatroautor zigiluak sei obra batu ditu: Aizpea Goenagaren EsquinasLa Cabaña / In der Hütte (QY Bazo), Las ratas (Paco Gámez), Cocodrilo (Javier Hernando), Fulgor (Eva Redondo) eta El increíble caso de la inocente saboteadora Anna Millman (Elena María Sánchez) lanak, hain zuzen be.

Itziar Pascualen zuzendaritzapean (Antzerki 2015 SGAE Saria eta LAM 2013 SGAE Saria), egileek gogor egin eben lan sei hilebetetan. Antzerkigile madrildarraren aburuz lan jardunaldiak prestutasun beteriko ikasketa eskuzabalak izan ziran eta jorratutako eskenak zuzendu, itaundu eta garatzeko aukerea izan eben egile guzti-guztien ahaleginari esker. Alkarbizitza oparo horrek polifonia estilistiko, kontzeptual eta tematikoaren markea daroen testuen egikerea emon eban, ahots eta estilo personala azaleratuz.


Aizpea Goenagaren Esquinas

Sei obra horreen artean azpimarragarria da Aizpea Goneaga egile gipuzkoarrak jorratutako Esquinas lana; garai desbardineko hiru sasoitan jazoera berak personaia bakotxean erantzun berezia eta personala sorrarazoten dau, emozinoak eta ondorio ezbardinak buztartuz. Historia garaikidearen berrirakurketa baten aurrean kokatu nahi izan dot ikuslea esan dau Aizpea Goneagak, saminari aurre egiteko kapaz diran hiru emakumezkoen kasuan.

Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) Magisteritzan eta Antzerki Ikasketetan diplomatua da (Antzerti). Antzerkigintza Ikasketa Aurreratuetan masterra egin eban 2016an, Errioxako Nazinoarteko Unibersidadean. 2010etik 2016ra Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria izan zan, jakina, euskal hizkuntzea eta kulturea nazinoartean sustatzearen ardureagaz, eta ume zein gazteentzako hamaika lan kaleratu ditu bere antzergile alde horri erantzunez: Antzezten... teke ten ten!, Ni ez naiz txotxolo, Kaia (Nafarroako Antzerki Eskolaren Saria), Handitan... Oraintsu Omenaldia/El homenaje eta ¿Qué? lanak kaleratu ditu 50 voces contra el maltrato ekimenaren barruan. Itzultzaile lanetan be ibilitakoa da: La casa de la Llave (Mada Alderete) eta Como un viento helado (Rafael Herrero) itzulpen-lanak lekuko.


Donostian irakurketa dramatizatua

Bilduma honetan jasoten diran sei testuen laburpenaren irakurketa dramatizatua ikus-entzuterik izango da laster, izan be, SGAE Fundazinoaren eskutik, zezeilaren 15ean, Victoria Eugenia Antzokiaren Klub Aretoan, gunea bete arteko sarrera libreagaz.

Antzerki Idazketa VI. Laborategian bat egiten daben testuek Estadu mailan antzerkigintzearen une erabagigarri batean bizi garela aditzera emoten dabe antolatzaileen eretxiz. Itziar Pascualek berak bere garaian esan ebanez, antzerkigintzea gurean urrezko bigarren sasoi bat biziten dagoala esan daiteke, alkarlan eta esperientzien alkartrukeak ikuspegi barri bat agertarazoz.

Aizpea Goenagaren zuzendaritzapean ikus eta entzungai izango dan irakurketa dramatizatuan, bera ez eze, beste bost antzezlek parte-hartuko dabe: Isidoro Fernández, Kepa Errasti, Sandra Ferrús, Vito Rogado eta Paco Gámez; azken hau, Las ratas testuaren egilea da, hau be, Antzerki Idazketa VI. Laborategiaren ezinbesteko lana, bilduma berean jasota.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu