Guggenheim Museora 1,2 miloe bisitari baino gehiago joan dira 2018an

Bizkaie! 2019-01-02 12:58   Kulturea

Historiako urterik jentetsuenetan hirugarrena izan da.

New York eta Bilboren arteko trukeak egon dira 2018an, eta 2019an be segiduko dabe (argazkia: Guggenheim Bilbao) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoko arduradunen arabera, oso positiboa izan da 2018a, publikoaren erantzun beroari esker. Urte guztian, 1.265.756 bisitari izan ditu. Zifra hori historiako handienetakoa da, hirugarrena hain zuzen. 1998an eta 2017an baino ez dira joan bisitari gehiago. 2018an erakarritako publikoa da, beste behin, lurraldearen bultzatzaile legez dauen gaitasunaren frogea, adierazo dabe museokoek.

Bisitarien jatorriari jagokonez, gero eta gehiago atzerritik datozala erakusten dabe 2018ko datuek. Gehienbat Frantziatik, Erresuma Batutik, Alemaniatik eta Estadu Batuetatik etorten dira museora. Bisitari guztien % 71 Espainiatik kanpokoa izan zan amaitu barri dan urtean (igaz baino % 9 gehiago). Bizkaitarrak % 7 izan ziran.

Joana Vasconcelos portugaldarraren Zure ispilua naiz erakusketea izan da erakargarritasun nagusia: 649.000 bisitari, eta zabalik egon dan egunen araberako bataz bestekoa eginda, Guggenheimen historiako erakusketa arrakastatsuenetan hirugarrena. Txinatik etorritako Munduaren antzerkia be nabarmendu da (619.000 bisitari). Marc Chagalli buruzkoak 453.000 lagun erakarri zituan.

Bilboko eta Bizkaiko ekonomian Guggenheimek sortzen dauen aberastasunaren iturri dira horreek bisitari guztiak, museoko arduradunek azpimarratu dabenez. EAEko Barne Produktu Gordinean 471 miloe euroko ekarpena egin dau azken urtean, eta ogasunetara 73 miloe euro ekarri ditu horrek. Museoaren jarduereak 10.000 bat lanposturi eusten laguntzen ei dau.

Hezkuntza programazinoaren arloan, 2018an 139.000 personak hartu eben parte jarduera presentzial zein internet bidezkoetan. 688.000 bidar erabili ziran audiogidak. New Yorken egonaldiak egiteko beka-programea be sendotuz doa, dagoeneko 24 artista gazteri emon deutsie.

2019an be, New Yorkeko Guggenheim Museoagaz trukeak bultzatzen segiduko dau Bilboko museoak. 5. deialdian izena emoteko epea amaitu barri da, Basque Internship at the Guggenheim New York dalakoaren bidez. Gradua zein graduondokoa egiten dabizan gazteei zuzendutako egitasmoa da, ikasten dabizan arloko jakintzak museogintzeagaz buztartu deiezen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu