Hemen da 2019ko Bilboko aratusteak iragarteko kartelaren lehiaketea

Bizkaie! 2019-01-02 11:02   Kulturea

Zezeilaren 28tik martiaren 5era izango dira Bilboko aratusteak.

Bilboko Udalaren Jai Batzordeak, aurten be, urteko jai ausartenen irudia bilatzeko orduan, herritarrek parte hartzea gura dau. Proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 25ean amaituko da, eta irabazleak 2.000 euroko saria irabaziko dau. Bilboko Udalak egin dau deialdia jairik informalenak iragarteko kartelaren lehiaketarako. Deialdiak, ganerako kartel-lehiaketetan legez, herritarren parte hartzea dauka oinarri, jaien euren izakerea aintzat hartuz.

Hori dala-eta, bai diseinuaren profesionalek bai zaletuek aukerea izango dabe urtarrilaren 25era arte euren proposamenak aurkezteko eta 2019ko aratusteetako irudi bihurtzeko, datorren zezeilaren 28tik martiaren 5era ospatuko baitira Bilboko Urian.

Lehiaketara aurkeztuko diran obrek jatorrizkoak izan behar dabe, kolore eta teknika librekoak izango dira, goiburu bat edo izenburu bat izan behar dabe, eta autorearen sinadurarik ez dabe bistan izango. Epaimahaia Jai Batzorde Mistoko ordezkariek eta kulturearen eta diseinuaren munduko ordezkariek eratuko dabe eta euuren ardurea izango da sei kartel hautatzea finalista legez. Sei proposamen horreek erakusgai jarriko dira, eta herritarren eskariaren prozedurea igaroko dabe, izan be, botoa emon ahal izango dabe, epaimahaiagaz batera, bertara joanez edo udalaren webgunearen bitartez. Kartelen artean irabazle izango da punturik gehien lortzen dituana, herritarren bozketako emoitzak eta epaimahaiaren bozketako emoitzak batuz punturik gehien jasoten dituana, hain zuzen be.

Kontuak kontu, holan banatuko da botoen balioa:

- Herritarrek tokian bertan emondako botoak (% 33).

- Herritarrek udalaren webgunearen bidez emondako botoak eta hedabide laguntzaileek emondako botoak (% 33).

- Epaimahaiaren erispena, diseinuaren munduko profesionalen ordezkaritzeak aparteko garrantzia izango dauelarik (% 33).

Igazko hautaketan berrogeita hamar lan aurkeztu ziran, hainbat lekutakoak: Gipuzkoa, Nafarroa, Castelló, Bartzelona, Asturias, León, Andaluzia eta Madril; halan da be, gehienak Bilbokoak izan ziran.

Interesatuek Udalaren webgunean begitu leikie gai honi buruzko informazino guztia, eta euren proposamenak aurkezten hasi. Irabazleak 2.000 euroko sari bat jasoko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu