Arabako bost liburutegi Euskadiko Irakurketa Sarean sartu dira

Bizkaie! 2018-12-27 12:14   Kulturea

Akordioari esker, beste 308.000 funts batu ditue proietura.

Bingen Zupiria eta Igone Martinez de Luna (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak eta Arabako Kultura diputadu Igone Martinez de Lunak akordioa sinatu dabe, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean. Horren arabera, Arabako Foru Aldundiaren menpeko bost liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuko dira.

Orain dala 13 urte hasitako bidean beste pausu bat da hau, Bingen Zupiriaren ustez: Irakurketearen esparruan zerbitzu publiko integradua eskaintzeko baliabideak ugaltzeko, helburuak partekatzeko eta ahaleginak bateratzeko ekin jakon liburutegi-zerbitzuak bateratzeko prozesuari. Bilboko, Donostiako eta Santurtziko liburutegiak integrauta amaitu zan, orain urtebete, udal-liburutegietako zerbitzuak sartzeko prozesua. Orain, Arabako Foru Aldundiaren liburutegiak integrauta, herritarrei zerbitzu hobea eta osoagoa eskaintzen jarraitu ahal izango dogu.

Igone Martinez de Lunak be onura ugari ikusten deutsaz akordioari: XXI. mendeko liburutegiek erabiltzaileei emon behar deutsiezen liburutegi-zerbitzuen kostuak lankidetza hori beharrezko egiten dau, informazinoa eskuratzeko printzipio demokratikoa ziurtatu ahal izateko. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartzeari esker, informazinoaren, teknologiaren, kulturearen, hezkuntzearen eta aisialdiaren arloko baliabideak konpartidu ahal izango dira.

Aurrerapausua izango da, duda barik, Arabako bost liburutegiok Irakurketa Publikoko Sarean sartzeko erabagia: 308.091 funts barri izango ditu sareak, eta 978.000 bazkidek erabili ahal izango ditue. Dagoeneko 309 liburutegik egin dabe bat Euskal Autonomi Erkidegoan.

Irakurketa Publikoko Sareak abantaila ugari emoten deutsez erabiltzaileei. Batetik, txartel bakarragaz funts osoa eskura daukie, eta katalogo kolektibo bakarrari esker, errazagoa da liburu eta agiriak topetea. Ganera, bazkideek eLiburutegirako sarbidea dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu