Bost eta 17 urte arteko ume eta gaztetxuen aisialdirako 2.600 leku Bilbon

Bizkaie! 2018-12-27 10:38   Kulturea

Eskaintzea askotarikoa da, kirol, teknologia, moda edo sukalde-lantegiak eskaintzen baitira.

Gabonetarako programazino honegaz, Bilboko Udalak aisialdi hezigarrirako gune bat eskaintzen deutse gaztetxuei, lanaren eta bakotxaren bizimoduaren arteko buztarketea sustatuz, eta familiek kalidadezko jarduerak egin denporea alkarregaz emoteko aukerea izango dabe.

Sei programa abiarazo ditue, 5 eta 17 urte arteko gazte eta nerabeentzat Gabonetarako. Danetara, umeentzako eta gazteentzako 2.600 plaza baino gehiago eskainiko ditu Gabonetako eskola-oporren sasoian.

Egitarauan, gustu guztietarako lantegiak eskaintzen dira: kirol, teknologia, moda edo sukalde-lantegiak, eta sormena, kirola eta musikea sustatzeko jarduerak be bai. Programak uriko 8 barrutitan gauzatuko dira, jarduera gehienak abenduaren 26an hasi dira, eta urtarrilaren 4ra arte izango dira.

Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak adierazo dau: Gure edade txikikoei gune bat eskaintzen deutsegu aisialdi hezigarrirako, olgetan ikasi deien, eta, aldi berean, norberaren bizimodua, lanekoa eta familiako buztartzen laguntzearren.


Jarduerak

- Gabonetan primeran kirola eginez: 6 eta 13 urte bitarteko 1.026 umek kirolaz gozetako aukerea izango dabe, ugerketea, padel, tenis edo saskibaloiaz, Bilboko udal-kiroldegi batzuetan. Olgetan ibiliko dira, eta, aldi berean, bizimodu osasuntsuko ohiturak hartzen.

- Gabongune eta Gabonkide: 5 eta 11 urte bitarteko umeak olgetan ibiliko dira, eta lagun barriak egingo ditue, eta, aldi berean, bardintasuna, errespetua edo sormena lako balioak ikasi eta landuko ditue. Batean zein bestean, edade txikikoek urian izan badiren arte mueta batzuk eta besteak eta era bateko eta besteko tradizino eta kulturak ezagutuko ditue. Guztira, 372 umek izango dabe aukerea Gabongune eta Gabonkide lako jarduerez gozetako.

- #GazteKluba Gabonak: Bilboko Udalaren programa barri bat da, aisialdiko 25 jarduera baino gehiago eskaintzen dituana 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Guztira, 750 plaza eskainiko dira parkour, jugger edo saskibaloia lako jardueretarako. Ganera, ibilaldiak antolatu dira Bilbotik kanpora; bat Astunera, umeek gaua igaro eta eskietako, eta bestea Donostiara.

- Zeu Moldatu!!!: teknologia-lantegiak, 8 eta 11 urte bitarteko 320 umek musika elektronikoa ikasteko, robotak programetako eta dronei hegaz eragiteko. Jarduerak Abando eta Basurtoko udaltegietan izango dira.

- Kontari eta Kantari: dobako 6 saio, musikaz lagundutako ipuinak entzuteko, 7 urte baino gitxiagoko umeak dituen familientzat. Olgetarako, kulturarako eta aisialdirako gune bat da, familiek kalidadezko denporea alkarregaz emon eta gozau deien. Oraindino, saio bi geratzen dira. saioak Errekaldeko eta Abandoko udaltegietan izango dira. Saio bakotxean 25 umerentzako eta familiako heldu batentzako lekua izango da. Beharrezkoa da aldez aurretik izena emotea.

- Umeentzako Gabonetako Gidea 2018: On line bilatzaile bat da, Udalaren webgunean, eskura dagoana, urtarrilaren 6ra arte. Aplikazino horren bidez, familiek aukerea izango dabe jakiteko Gabonetan, urian, ze jarduera eskaintzen dan 3 eta 13 urte bitarteko edade txikikoentzako. Umeentzako aisialdiko 345 jardueraren ganeko zehetasunak jakin ahal izango dira; jarduera horreek 81 programatan dagoz jasota, eta 23 erakundek antolatzen ditue.

 

#BilbaoGabonak

Bilboko Udalak proiektu aitzindaria abiarazo dau aurten, uria, apurka-apurka, erakarpen gune bat izan daiten Gabonetan be.

2018an, ekitaldi handiak izan dira Bilbon, eta Europako Uririk Onena izatea be autortu jako, eta, holan, beste era bateko ekimen bategaz amaitu nahi da urtea, argia eta protagonismoa emonez Bilbori egun bereziotan. Proiektuaren helburua da jentea erakartea, bai bertokoa, bai inguruetakoa, baita Estaduko eta atzerriko turistak be, merkataritzeari eta negozioei eragitea, kalidadezko kultura eta aisialdi-eskaintzea egitea eta Bilbo uri magiko eta erakargarri bat bihurtzea Gabonetan.

Alde horretatik, Europako beste uri ospetsu batzuen ereduari jarraituz, aurten, Bilbok indartu egin dau Gabonetako proiektua, barrikuntzak erantsiz urian egitekoak diran 400 jarduera baino gehiagori: Arenalean eta Erripako kaian, Gabonetako Merkatua izango da, helduentzako eta umeentzako aisialdi-gune bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu