Basque Team-eko kirolariak, Tokioko Joko Olinpikoetara begira
2018-12-27 08:45 Kulturea2018an emoitza oparoak izan ditue egitasmo horretako bekadunek.
Urte amaieran gagozan ezkero, BAT Basque Team programan parte hartzen daben euskal kirolariek urteko balantzea egin dabe. Iñigo Urkullu Lehendakariak harrera instituzionala egin deutse, eta honeek be ekitaldian izan dira: Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua, Jon Redondo Kirol zuzendaria, Maite Iturbe EiTBko zuzendaria, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Jose Luis Tejedor Euskal Federazinoen Batasuneko ordezkaria.
2018ko kirol ekitaldi nagusia Pyeongchangeko Neguko Joko Olinpikoak izan dira. Bertan, bost euskal kirolari egon ziran. Aurrerapauso itzelak emon doguz orain arte nahiko arrotza izan dan esparruan, neguko kiroletan. Parte-hartze errekorra apurtu genduan, bost kirolari, adierazo dau Bingen Zupiriak. Hurrengo hitzordu olinpikoa 2020an izango da, Tokioko udako jokoak.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, hain zuzen be, 2020ko Joko Olinpikoetan jarri dau helburua. Eliteko kirola Euskadiren ezaugarri bereizle bihurtzeko bidean hitzordu garrantzitsua izango dala dino. Kirolarien lanari esker egindako aurrerapen teknikoak, gero, gizartean aplikau leitekezala uste dau Urkulluk.
Ekitaldian, 2018ko kirolari onenen sariak banatu ditue. Irabazleei Eguzkilore Urdina dalako oroigarria emon deutsie, azken hileetan egindako ahaleginagaitik eta eskuratutako emoitza bikainakaitik. Saritu ugari egon dira: Jon Santacana eskiatzailea (zidarra Neguko Paralinpiar Jokoetako superkonbinaduan), Iñigo Peña piraguistea (zidarra Montemorreko Munduko txapelketako K2-1.000 metrokoan eta brontzea K4-1.000 metrokoan), Maialen Garcia bedar-hockey jokalaria (brontzea Londreseko Munduko txapelketan), Amador Granados txirrindularia (brontzea Rioko pista txirrindularitza egokituko Munduko txapelketan, taldekako abiadura proban), Patxi Peula patinatzailea (lau domina Oostendeko Europako txapelketan), Asier Agirre atletea (zidarra Pariseko Europako txapelketako 10.000 metrokoan, eta urrea eta brontzea Carovignoko Europako kros txapelketan), eta Kerman Lejarraga boxeolaria (Europako txapelduna welter pisuan).
Sari-banaketearen ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakariaren berbek zarratu dabe ekitaldia. Fundazinoak hamaika urte honeetan egindako lana eskertu eta kirolariei Eusko Jaurlaritzearen babesa dabela adierazo deutse. Goi mailako kirolarien bizitzea laburra eta bizia da. Horregaitik uste dogu herrialdeak, gizarteak, zuekaz konpromisoa izan behar dauela, guretzat erreferente eta eredu izateko egiten dozuen ahalegin eta lanagaitik, azaldu dau Urkulluk.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!