Ate edegiak Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2018-12-26 08:46   Kulturea

Urtarrilaren 7ra arte doban sartu ahal izango dira bisitariak.

Bilboko Arte Eder Museoak ateak bisitari guztiei edegi nahi deutsez, 110. urteurreneko ospakizunak amaitzeko. Era horretara, A(r)teak zabalduz izenburupean, Gabonetan doban sartzeko kanpainea hasi dau: Abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra, ez da pagau beharko museoko erakusketak ikusteko.

Historiari keinua egiteko asmoz, egunotan museora hurreratzen diran bisitariak eraikin zaharreko sarreratik sartu ahal izango dira. Ha izan zan eraikinaren lehenengo sarbidea, baina gaur egun ez da ate nagusia.

Egunotan museoan sartzen diran bisitariek goi mailako erakusketa bi ikusi ahal izango ditue: Kirmen Uribek atondutako ABC: Bilboko Museoaren Alfabetoa; eta 68aren ostean, artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018. Ganera, Juan Muñozen Hanging figures artelana dago, Obra Gonbidatua programearen barruan.

Doban sartzeko kanpainea egunero egongo da martxan, baina gogoan izan behar da urtarrilaren 1ean eta 6an zarratuta egongo dala museoa. Abenduaren 31n, eguerdiko 14:00etan zarratuko dabe. Ganerako egunetan, hauxe da ordutegia: 10:00etatik 20:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu