Gaztarora bueltau da Garbiñe Ubeda

Bizkaie! 2018-12-21 09:48   Kulturea

1980ko hamarkadan kokatu dau Sasieskola liburu barria.

Gazteentzako literaturea da Sasieskola, Garbiñe Ubedak Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu dauen nobela barria. Baina, oraingoan, autoreak gogoetea egin dau gazteei zuzendutako literatura horren ganean, helduentzako lanetatik bereizi behar ete dan, zelan kontau behar diran gauzak... eta ondorio garbi bat atera dau: Nerabe baten ikuspegitik idaztea.

Erabagi hori dala eta, bere gaztarora bueltau da Garbiñe Ubeda, protagonistearen edadea eukan sasoira. Hau da, 1980ko hamarkadara eta orduko gaietara: Burruka politikoa, askatasun nahia, industriaren gainbeherea, indarkeria eta abar. Edade horretako ardurak be agiri dira, esate baterako, lehen maitasuna eta bizitzan norbere lekua topau beharra.

Gaur egungo gazte baten lekuan jartea izan da beste aukera bat, baina Ubedak autortu dau sinisgarritasuna galduko ebala kontakizunak. Larraitz da nobelako protagonistea, 1980ko hamarkadan bizi dan gaztea. Maitasunaren gozoan dagoala, jazoera gogor batek dana aldatzen dau. Ubedaren esanetan, bere kasuan, jazoera jakinek markau dabe bere bizitzea, urteek baino. Larraitzi antzeko zeozer pasauko jako.

Kaleko bizipenak dira nobelearen beste oinarri bat. Ubeda gaztea zanean, kaleak erakusten zituan bizitzako alderdi asko, eta horri omenaldi txikia egin nahi izan deutso. Gaur egungo nerabeak, alde horretatik, desbardin ikusten ditu, etsipen handiagoa dabe. Baina barruko kezkak eta bizitzan lekua topetako beharra antzera daukiela be azaldu dau.

Sasieskola da Larraitz protagonistearen lehenengo nobelea, baina Lekukoa bilduma barriaren lehenengo alea baino ez da hau. Laster, Larraitzen inguruko beste liburu bi aterako dituala aurreratu dau Garbiñe Ubedak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu