71. Santo Tomas Azoka korapilatsua Bilbon

Bizkaie! 2018-12-21 08:29   Kulturea

Bilbobusik ez da egongo egun osoan eta Bizkaibuzeko Ezkerraldea, Meatzaldea, Pesalur eta Txorierri- Mungialdea zerbitzu barik dagoz.

Gaur da eguna, 71. Santo Tomas Azokea. Goizeko 09:00etatik 23:50era arte, gitxi gorabehera, zirkulazinorako zarratuta egongo da jai-eremua, hau da, Zingira kalea (Ernesto Erkoreka plazearen parean), Erribera kalea (Mesedeetako zubiaren parean) eta Arenaleko zubia (Bailen kalearen parean).

Ertzaintzeak eta Udaltzaingoak biek zainduko dabe jai-esparrua, oinezko patruilen eta uniformerik bako agenteen lana indartuta; holan, herritarren eskariei eta subertau daitekezan gorabeherei berehala erantzuteko moduan egongo dira.

Arenaleko aterpeetan osasun-dispositiboa jarriko da: laguntzino sanitarioa, anbulantziak eta dispositiboa koordinetako zentroa.

Aurten be gaur, abenduaren 21ean, Santo Tomasetako Azokea egingo da Bilboko Udalak eta BBK-k antolatuta; eguraldiak lagunduko dau eta ehun mila lagun espero ditue antolatzaileek. Arenalean eta Plaza Barriko ingurua Euskal Herriko kaleko azoka nagusi bihurtuko da barriro be, bertan 275 saltoki ipiniko baitira era askotako produktuakaz: barazkiak, gaztaiak, frutak, txakolina, sagardaoa, taloa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta gure baserritarren beste produktu batzuk.

Egun osoan eta, batez be, eguerdian, jente ugari etortea espero danez, Bilboko Udalak garraio publikoa erabiltea, batez be, metroa eta tranbia, gomendatu dau Arenalera zein Plaza barriko guneetara joateko. Aurten espazio barri bat egongo da Santo Tomasetako azokan, Arriaga plazaren eta Antzokiaren atzealdean be saltokiak jarriko baitira.

Gogoratu, Bilbobusik ez dala egongo egun osoan eta Bizkaibuzeko Ezkerraldea, Meatzaldea, Pesalur (Elorrio, Zeanuri, Durango, Orozko...) eta Txorierri- Mungialdea zerbitzu barik egongo dirala.


Jai esparrua

Aurten espazio barri bat egongo da Santo Tomasetako azokan, Arriaga plazearen eta Antzokiaren atzealdean be etxolak jarriko baitira. Espazio hau dagoeneko Arenalean finkatua dagoanari batu jako aurten, izan be, Santo Tomasetako Azokako saltoki gehienak hor jarriko baitira. Ondorioz, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Arenaleko Zubiaren arteko jai-esparrua ibilgailuen zirkulazinorako zarratuta egongo da, Aste Nagusian egiten diran antzeko murrizketakaz.

Arenaleko Pasealekuaren jai-esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 188 postu egongo dira, 2,50 x 2,50 metrokoak. Era berean, totem bat egongo da Santo Tomasetako Azokea antolatu daben erakundeen irudi korporatiboakaz: Bilboko Udala eta BBK.

Plaza Barrian, barriz, baserritarren 66 saltoki jarriko dira. Egun osoan jente ugari espero danez, jente-pilaketak sorru leikiezan arriskuak murrizteko, Plaza Barrirako sarreretan egoten diran edukiontziak kendu egin ditue eta segurtasuneko langileak egongo dira bertaratuko diranen joan-etorriak kontroletako.

Era berean, Plaza Barrira sartzeko arku guztietan, sartzeko bide bat eta urteteko beste bat egokituko dira eta aurrera-atzera erraz ibilteko moduan egongo dira. Beraz, sarrerak eta urteerak errespetetako eskatu nahi jake herritarrei.


Aparkalekuak

Kalea ibilgailuen zirkulazinorako zarratu arren, Arenaleko txandakako aparkalekura eta Epaltzaren alarguna, Prim eta Erribera kaleetako aparkaleku pribatuetara sartu ahal izango da, eta Plaza Barriko eta Prim-Dolaretxe kaleetako egoiliarrentzako aparkalekuak be zabalik egongo dira, Udaltzaingoak autoak ibiltea oinezkoentzat arriskutsua dala eristen deutson unera arte.

 
Bilbobus, Bizkaibu eta taxiak

Bilbobus zerbitzurik ez da egongo egun osoan eta Bizkaibuseko Ezkerraldea, Meatzaldea, Pesalur (Durango, Elorrio, Zeanuri, Orozko, Galdakao...) eta Txorierri- Mungialdea zerbitzu barik egongo dira, gitxieneko autobusak baino ez ditue iragarri. 

Aldaketei buruzko informazinoa www.bilbao.eus/bilbobus webgunean eta 010 (944 010 010) telefonoan.

Eta Bizkaibusen ganeko informazinoa http://web.bizkaia.eus/es webgunean.

Taxiei jagokenez, Arenalera pasealekuko 4. zenbakiko geralekua ez da erabiliko eta horren ordez Mesedeetako zubian jarriko da geraleku.

Gainera, egun osoan, aurreikusitako bisitarien etorrera handiari erantzuteko, Bilboko taxi guztiak joan-etorrian ibiliko dira. Atsedenaldian dagozan taxilariei lan egiteko aukerea eskainiko jake, hilaren 21eko 00:00etatik hilaren 22ko 07:00etara bitartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu