'Esteban Urkiaga Lauaxeta, el nuevo odiseo' liburua plazaratu dabe

Bizkaie! 2018-12-19 13:00   Kulturea

Bilbao 700 Fundazinoak argitaratutako liburu honek Mungiako olerkariaren bizitzea eta lanak aztertzen ditu.

Esteban Urkiaga Lauaxeta, 1905eko abuztuaren 3an jaio zan Laukizen. Jesuitakaz ikasi eban Durangon, Azpeitian eta Oñan, leku horreetan hasi zan euskerara hurreratzen eta horreetan ezagutu zituan beste idazle ezagun batzuk be, berbarako, Andima Ibiñagabeitia eta Pío Montoya. Oso gaztetatik sentidu eban erlijinorako jokerea, eta nobiziatuari ekin arren, gero alde batera itxi eban bide hori kazetaritzea eta literaturea besarkatzeko. Eusko Alderdi Jeltzalean (EAJ) sartu eta euskerazko hainbat argitalpenen ardurea hartu eban bertan.

1931n argitaratu eban bere lehen olerki liburua, Bide barrijak, eta 1935ean bigarrena, Arrats beran, biakaz baztertu zalarik euskal poesia tradizionalaren estilo erromantikotik. Era berean, lan handia egin eban euskerara itzultzen Europako obra klasikoak eta abangoardistak, adibidez Federico García Lorcaren hainbat liburu.

Baina Lauaxetak kontraesan bikotxean sartuta igaro eban mundualdi laburra. Konserbadorea zan pentsamenduz eta barritzailea estetikan eta literaturan, mundu barriak sortzeko kapaz baina pentsamenduz ortodoxoa. Konserbadorea izan eta, halan da be, poesia modernoa idatzi eban; katoliko konprometidu eta praktikantea, baina parkamenik jaso ez ebana epaitua izan zanean.

Gerra Zibila hasi eta 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua onartu zanean, Eusko Jaurlaritzeagaz lan egin eban, propagandako arduraduna izan zan hainbat argitalpenetan eta Intendentziako komandante. 1937ko apirilaren 29an, Gernikara joan zan itzultzaile legez, Kondor Leginoak uria bonbardaukeran eragindako kalteak erakustera Frantziako gerra-barriemoile batzuei. Orduan tropa frankistek preso hartu eben, Gerra-kontseilua egin eta heriotza zigorra ezarri eutsien. Handik bi hilebetera, Gasteizko Santa Isabel kanposantuan fusilau eben.

Haren heriotzeak hegoak ebagi eutsozan euskal poesiaren ikurretako bati; holan adierazo dau Juan Mari Aburto Bilboko alkateak liburuaren aurkezpenean. Ekitaldian izan dira, Miren Josune Ariztondo, Bilbao 700 Fundazinoko zuzendaria, eta Jon Kortazar, liburuaren idazlea.

Bilboko Alkateak esan dau Lauaxetaren jarduerea ez zala mugatu jarduera literario eta lirikora. Esteban Urkiaga gogoratua da Euzkadi egunkarian egunero idazten eban zutabeagaitik eta argitalpen horretako euskerazko orrialdeko zuzendaria izateagaitik. Ganera, kultura eta ospe handiko idazlea izan zan, Federico Garcia Lorcaren poema batzuk itzuli zituan eta hurretik jarraitu zituan Espainia eta Frantziako literatur barritasunak.

Bestalde, Miren Josune Ariztondok, Bilbao 700 Fundazinoko zuzendariak nabarmendu dau Bilbogileak bildumako liburu barrian azaltzen dala Laukizeko idazleak bizi izan eban kontraesan bikotxa. Konserbadorea zan pentsamenduz eta barritzailea estetikan eta literaturan; mundu barriak sortzeko kapaz izan arren, pentsamendu ortodoxoko gizona zan.


Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumea

Bilduma honen helburua da gure historian aztarna sakona itxi daben persona eta erakundeen lana eta nortasuna berreskuratzea. Bilduma honetan zorrotz jagoten da memoria historikoa ibilbide atsegin eta erakargarria proponiduta eta abentura personal bat bihurtuz obra bakotxaren irakurketea. Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako orrietan ideologia eta esparru desbardinetako personaiak agiri jakuz ikuspegi edegi eta integratzaile bategaz. Bada hor danetarik: artistak, politikariak, zientzialariak eta kultura arloko personaiak, baina danak izan dira eredu eta erreferente etiko bat atzetik etorri diran belaunaldientzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu