Bilboko Arte Eder Museoa eta parkea batuta, gaztainondo barriari esker
2018-12-18 09:53 KultureaGabonetan doban sartu ahal izango da bildumak ikusten.
Bilboko Arte Eder Museoaren mendebaldeko aldeak bat egiten dau Casilda Iturrizaren parkearen alderdi bategaz. 2001eko erreforman eregitako kristalezko egitureari esker, museoko artelanak eta parkeko aberastasun naturala espazio ia bakarra dira ikusmenerako.
Buztartze horren sinbolo izan zan luzaroan gaztainondo eder bat, museoaren hormearen kanpoaldean. Baina hil egin zan. Iberdrolaren babesagaz, Arte Eder Museoak ingurumenaren aldeko keinua egin dau: Beste gaztainondo osasuntsu bat landatu dabe lehengoaren lekuan, museoaren eta parkearen arteko batasuna berreskuratzeko.
Arbola barria sartzeko ekitaldian, Miguel Zugaza museoko zuzendariagaz batera, goi mailako agintariak egon dira: Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako burua eta Luis María Uriarte, 2001eko proiektua egin eban arkitektua.
Gabonetan, doban
Museoak Gabonetako argiakaz nabarmendu nahi izan dau lehengoratze lana. Eraikin zaharreko fatxadan ipini ditue, museoaren jatorrizko sarrereari keinua egiteko asmoz. Ganera, Gabonetan doban sartu ahal izango dira bisitariak museoan, A(r)teak zabalduz lelodun kanpaineari esker. Abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra sartu ahal izango da doban (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an zarratuta).
Gabonetako tarte horretan, 110 ordu egongo da museoa zabalik. Hortaz, 110. urteurrenagaz bat datorren ekimena izango da: 110 urte, 110 ordu doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!