Bilboko Guggenheim Museoak ZERO gunea estreinau dau

Bizkaie! 2018-12-17 13:27   Kulturea

Teknologia barrien laguntzaz, bisitariei ondoetorria egingo deutsie areto horretan.

Bisitariak ZERO gune barrian (argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jenteak museoagaz lehenengo kontaktua izan deian atondutako gunea, horixe da ZERO, Guggenheim Museoak zabaldu barri dauen areto barria. Zentzumenakaz bizi izateko esperientzia eskaintzen deutse bisitariei, teknologa barriak, argia, soinua eta abar erabilita. Era horretara, museoaren historia eta ezaugarri nagusiak berehala ezagutuko ditu publikoak, galerietara joan aurretik.

ZERO kontzeptu aitzindaria da museogintzan, eta museoko arduradunen esanetan, Guggenheimek eraldaketa digitalagaz dauen konpromisoa sendotzen dau. Ganera, ZEROk ikuspuntu barritzailea eskaintzen dau funtsezko balioak sustatzeko orduan museoek daben zereginaren inguruan: Aniztasuna, gizarteratzea, enpatia eta abegikortasuna.

Geometriaren eta pantaila handi baten ganeko proiekzino okertuaren bidez, espiluek 14 aldiz biderkatzen dabe mobimendudun irudia, ikuslea inguratu eta 300 graduko ikus-eremu kaleidoskopikoa eskaintzeko. Konfigurazino dinamiko horrek esperientziaren erdigunean kokatzen dau bisitaria, arkitekturearen mugak gainditzen ditualako.

Bilboren eta Bizkaiaren historiak, paisaiak eta iragan industrialak eratzen dabe ZEROren ikusizko edukia. Bisitariak aukerea dau museoaren testuingurua zein dan ulertzeko. Argi eta garbi agertzen  da museoaren eta uriaren arteko lotura estua.

Eraikinaren eta bildumearen zelan sortu zan be agiri da ZEROn: arkitekturearen testurak alkarrizketan ipinten ditu bilduma iraunkorreko artelanik enblematikoenetako batzukaz: Jean-Michel Basquiat, Louise Bourgeois, Daniel Buren, Eduardo Chillida, Jenny Holzer, Anish Kapoor, Anselm Kiefer, Yves Klein, Jeff Koons, Fujiko Nakaya, Jorge Oteiza, Gerard Richter, Mark Rothko, Richard Serra, Cy Twombly, Andy Warhol...

Jatorrizko soinu-banda baten bitartez, ZERO ikusmenetik harago doa, zentzumen-bidaiea eskaintzeko. Doinuak euskal musikan dau oinarria, txalapartan batez be; antxinako oihartzunak musika elektronikoagaz eta nazinoarteko beste erreferentzia batzukaz nahasten dira. Soinu-banda hori sortzeko, Ander Sánchez, Bittor Pastor, Iñaki Plaza eta Ion Garmendia euskal musikarien laguntzinoa izan dau Museoak.

Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendaria, ZERO gunea zabaltzeko ekitaldian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu