Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza 'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2018-12-14 12:08   Kulturea

Literaturea eta gatazkea, Bego Yebra kazetariak aurkeztuta.

Literaturea beste diziplina batzuekaz buztartzeko ahaleginetan, Bilboko Udalaren ekimenak, Hurreko Ekialdean esperientzia luzea daben eta gatazketan espezializauta dagozan Ane Irazabalek eta Karlos Zurutuzak egingo dabe berba aurtengo programazinoari amaierea emonaz. Hitzordua abenduaren 18an izango da; Hurreko Ekialdea, muinak eta ertzak liburuaren egileetako bi dira.

Topaketa Bego Yebra kazetariak moderauko dau, eta gerrako kazetaritzako freelance profesionalen lanean oinarrituko da. Gatazkan dagozan lekuetara hurreratzen diranean kontau gura dabenari eta lekuan bertan topetan dabenari buruz edo ekidistantzia posible ete dan galdetuko jake, beste gai batzuen artean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sartzea doban da, leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.


Ane Irazabal (Arrasate, 1984)

Historian eta Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziatua da. Ikasketak amaitu ondoren, Palestinara joan eta Betleemen emon zituan urte bi. Ondoren beste urte bi eta erdi Kairon egin zituan, geroago bere oinarrizko kanpalekua Italiara eroateko, Torinon hasieran eta Erroman gaur egun. Freelance kazetaria da, eta RAI eta EITB kateetarako egiten dau lan, besteak beste. 2017an, Euskal Kazetarien Saria irabazi eban, Kazetarien Euskal Alkartearen eta Alkargoaren eskutik, gatazka guneetan barriemoile legez egindako lanagaitik.

Ane Irazabal, Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuza dira Hurreko Ekialdea, muinak eta ertzak liburuaren egileak. Hiru kazetariek, Mendebaldeko Saharatik Iranera doan Ekialde Ertain Handian jazoten danaren ikuspegia emoten dabe. Abiapuntua Udabarri Arabiarrak eta horrek eragindako gizarte arloko mobimentuak dira. Ane Irazabalek Palestinako, Egiptoko eta Tunisiako gatazkak jarraitu ditu azken urteetan, baita Mediterraneotik heldutako errefuxiatuena be. Bangladesh-en be egon da, eta bertatik, Birmaniatik iges egiten daben rohingya errefuxiatuen egoerearen barri emon dau.

 

Karlos Zurutuza (Donostia, 1971)

Ekialde Ertaineko gatazka guneetan espezializautako freelance kazetaria da. Filologia Ingelesean lizentziau zan EHU/ UPVn, eta 15 urte baino gehiago daroaz nazinoarteko medio ezagunakaz lanean. GARA, Al Jazeera, The Middle East Eye, Deutsche Welle edo Jot Downs komunikabideetako ohiko kolaboratzailea da. 2009an, Nawab Bugti Nazinoarteko Kazetaritza Saria irabazi eban, Iranen, Afganistanen eta Pakistanen dagoan balutxe herriari buruzko tokian tokiko lanari esker. Horrezaz gan, Rikardo Arregi eta Argia Sariak be irabazi zituan (biak 2012an), 2011n, Libiako gatazkeari buruz Berriarako egindako lanari esker.


Helburua: literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea

2007. urtearen hasieran, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte. Helburua literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak.

Ondokoak dira igaz, 2017. urtean, Eztabaidak literatureagaz egitarauan parte hartu ebenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu