'Bizkaitik mundura', Bizkaiko Gaiteroak taldearen disko barria plazan
2018-12-12 07:57 MusikeaAurkezpena zapatuan, abenduaren 15ean, Durangoko Jantzazale Egunean izango da.
Bizkaiko Gaiteroak, hamarkada bi baino gehiagoko ibilbidea dauen musika talde beteranoak, bere azken diskoa aurkeztuko dau datorren abenduaren 15ean Durangon, AIKO Taldearen Jantzari Egunaren ospakizunen barruan, izan be, talde bien artean hartu-emon eta lankidetza estua darabile azken urteetan. Bizkaitik mundura da Bizkaiko musika tradizionalaren barruan gaitearen erabilerea finkatzeko helburuz sortutako taldearen azken lan diskografikoa.
Bizkaiko Gaiteroak izena 1996an sortu bazan be, aurrekariei erreparauta Aste Nagusiaren lehenengo edizinoetara jo behar dogu, eta zehatzago esanez, 1980an Bilboko Udalaren Erraldoien eta Buruhandien Konparsearen sorkuntzara. 1996tik lotura handia izan dau Deustuko Ondalan erraldoien konparseagaz.
Taldea, musika tradizionalaren mundua aberasteko eta idea barriak emoteko helburuagaz sortu zan, eta, zehatzago esanez, Bizkaian mihin bikotxeko musika-tresnen garapenerako, aurretik egoan legatuari bizirik eusteko ahalegina eginez, hain zuzen be. Irakaskuntzearen arloan egindako lan garrantzitsuaz gan, haren jardueren artean musika talde askogaz ibili da lankidetzan, bandakaz, txarangakaz, saxofoi, hari-laukoteakaz eta bestelakoakaz.
20 urte baino gehiagotan, taldeak mila emonaldi inguru eskaini ditu Euskal Herri osoan, jaiak alaituz, jantza taldeak eta kaleko antzerki ikuskizunak lagunduz, edo erraldoien konparsen musika euskarria izanik. Horrezaz gan, hainbat jaialditan eta emonalditan hartu dau parte Katalunian, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Frantzian, Uruguain, Hungarian, Danimarkan, Kroazian, Belgikan, Ingalaterran eta AEBetan.
Aurkezpena zapatuan, abenduaren 15ean, Durangoko Jantzazale Egunean
Bizkaiako Gaiteroak beste disko bi be baditu, Oraingo doinu zaharrak (2001) eta Bikaña (2011), azken hori, taldeagaz lankidetza handia dauen musikarien eta jantza tradizional maisuen AIKO Taldeak produzidutakoa. Bizkaiko hainbat herritako gaiteroek osotu dabe taldea bere ibilbidean eta gaur egungo taldea 24 musikarik osotzen dabe.
Bizkaitik mundura disko barri horrek hogei musika pieza inguru dakarz, kaleko jai herrikoien animazinoan eta erromerietan egindako lanaren emoitzea. Dibertiduteko helburu nagusiagaz, diskoak pieza klasikoak dakarz gogora, ekarpen garaikideren bategaz. Hainbat lankidetza ditu, horreen artean AIKO Taldearena, eta talde horren Jantzari Egunean aurkeztuko da lana jentearen aurrean.
Bizkaiako Gaiteroak taldearen lan diskografikoaren aurkezpena Plateruena Kafe Antzokian izango da, zapatuan, abenduaren 15ean, eguerdiko 13:00etatik gaueko 22:00etara, herri bazkaria be jasoko dauen jardunaldi luzean. Jantzari Eguna Andra Mari eleizako atarian egingo dan sokajantzeahaz hasiko da, eta ondoren kalejirea etorriko da. Bazkariaren ostean, AIKO taldearen eskutik etorriko dan erromeria arratsaldeko bostetan hasiko da, eta Bizkaiko Gaiteroak taldearen diskoaren aurkezpena 18:00etarako iragarri dabe. Jaiaren amaierea gaueko 22:00ak inguruan izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!