2019ko garagarrilean izango da II. EuskarAbenturea
2018-12-10 10:46 KultureaMatrikulazino epea martiaren 10era arte egongo da zabalik.
EuskarAbenturak 2019ko espedizioa aurkeztu dau Durangon. Igazko lehenengo esperientziaren balorazino oso ona egiteaz gan, antoalatzaileek aurreratu dabe datorren urteko udan 16-17 urte bitarteko 120 gaztek osotuko dabela Euskal Herrian ibiliko dan taldea. Abenturan parte hartu nahi dabenek motibazio gutuna eta banakako lan bat aurkeztu beharko dabe. Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntzaren eta .eus Fundazinoaren laguntzaz balorau eta lan onenen egileek espedizinora joateko bekea lortuko dabe.
Hautagaiek hiru lan-gairen artean aukeratu beharko dabe: Maite ditut maite gure bazterrak, Joan-etorriak: migrazinoen testigantzak edo Errimak eta erritmoak. Lanak sei formatutan aurkeztu daitekez: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta, aurten lehenengoz, sormen digitalekoak.
Matrikulazino epea martiaren 10era arte egongo da zabalik; izena emotea ekimenaren webgunearen bitartez egin beharko da. Espedizinoan parte hartuko dabenen behin-behineko zerrendea webgunean argitaratuko da apirilaren 15ean.
EuskarAbenturaren idea 2015eko udan sortu zan, Boiseko (Idaho) Jaialdian. Alkartea lau helburu nagusiren bueltan jaio zan: gazteen artean euskerearen erabileran eragin, mundu mailako gazte euskaldunen sarea sortu, gure herriaren ezagutzan sakondu eta balore positiboak landu, Ane Pedruzo alkartekideak jakainarazo dauenez.
Alkarteko kide dan Imanol Zabaletaren eretxiz, pozgarriena, gazteek bizi izan daben bizipenaren balorazino positiboa ezagutzea izan da; espedizinoko gazteen gehiengoak errepetiduko leukela jakin dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!