Gaztezulo: 200 zenbaki, eta gehiagorako prest

Bizkaie! 2018-12-08 13:29   Kulturea

Durangon asko saltzen dabizala kontau deuskue.

Zemendiaren 25ean, Bilbon, jai berezia antolatu eban Gaztezulo aldizkariak, 200. zenbakia argitaratu ebala ospatzeko. Ez dira garai errazak kazetaritzan, eta zenbaki horretara heltzea meritu handiko lorpena da. Gaizka Izagirre Gaztezuloko zuzendariak azaldu deuskunez, giro polita egon zan jai haretan.

105 orriko ale berezi potolo-potoloa da 200. hori. Azalean Altsasuko Gurasoak agiri dira, irakurleek aukeratu daben legez. Aldizkariaren historiaren errepasoa topauko dau lehenengo orrietan irakurleak, baita 200 zenbakiotan parte hartu daben langile guztien erreferentzia be.

Ohiko sailak modu berezian landu ditue. Gai bakotxeko persona ezagunei eskatu deutsie gogoetea egiteko. Esate baterako, kirolean Mikel San Jose futbolaria, zineman Aitziber Garmendia aktorea... pilo bat kolaboratzailek erantzun deutse Gaztezuloren deiari. Argazkilaritzearen atala da, beharbada, deigarriena. Argazkien bidez irudikatu dabe 200 zenbakia.

Zailtasunak zailtasun, etorkizunari aurre egiteko gogoz dagoz Gaztezulon. Asmo garbi bat daukie, 201. zenbakitik aurrera bete beharrekoa: Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzea. Askotan ez gara jaubetzen Gipuzkoa eta Bizkaitik kanpo be gauzak dagozala, dino Gaizka Izagirrek. Atal barri bat sortuko dabe, Euskal Herriko herri ezezagunetako txokoak eta giroa erakusteko. Beste atal barri ugari be buruan darabilez.

Durangoko Azokako erakusmahaian lan eta lan dabiz aldizkariko kideak. Izan be, asko saltzen dabiz. Pentsetakoa danez, 200. zenbaki bereziak arrakasta handia dau, ia ale guztiak agortu dira. Kerman Lejarraga boxeolaria azalean dakarren alea be (2018ko urrikoa), ederto saltzen dabiz. Bizkaian badago halako sukar bat Lejarragagaz, biltegira joan behar izan dogu ale gehiagoren bila, dino Izagirrek.

2019ko agendea be publikoaren gustokoa da. Izan be, ez da egunez eguneko agenda hutsa, agenda kulturala baino. Une bakotxeko hitzorduak, adituen aholkuak, datu jakingarriak eta abar dakarz agendeak. Umorezko pegatina txiki batzuk be baditu atzeko aldean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu