Goitibeheren inguruko liburua dakar -ZKO argitaletxe barriak

Bizkaie! 2018-12-07 11:28   Kulturea

Usue Arrieta eta Vicente Vazquez artistek sortu dabe Geldi.

Nader Koochaki eta Usue Arrieta | Ikusi handiago | Argazki originala

Inguruko jai eta ospakizunetan oso ohikoak diran arren, azterlan gitxi egin izan dira goitibeheren inguruan. Hutsune hori ikusita, ikertzeari ekin eutsien Usue Arrieta eta Vicente Vazquez artistek orain dala sei urte. Herririk herri joan ziran, datuak eta irudiak hartzen. Lehenengo, dokumentala egin eben, baina gaian sakontzeko aukerea ikusi, eta lanean segidu eben.

Azkenean, -ZKO argitaletxearen eskutik, liburu formatuan plazaratu dabe Geldi. Nabarmena da egileak artsitak dirana, formatu aldetik liburu berezia da eta. Kutxa formea dauka eta barruan hiru zati nagusitan banatutako edukiak dagoz. Goitibeheren katalogoa da lehenengo partea; lan kartografikoa bigarrena; eta testu bilduma bat da hirugarrena. Euskeraz eta gaztelaniaz dago liburua.

Katalogoan, Euskal Herriko hainbat lekutan topautako goitibeheren fitxa zehatzak sartu ditue. Usue Arrieta egilearen arabera, 89 fitxak egiteko, goitibehera bakotxaren egileakaz berba egin dabe, argazkiak atera ditue, alderdi teknikoak aitatu... Zati kartografikoa be deigarria da: Goitibehera lasterketen lekuak, ibilbideak, aldatzak eta abar agertu ditue.

Bibliografia gitxi egon da gai honi buruz, Arrietaren arabera. Labayru Fundazinora jo genduan, Gurutzi Arregik eta Ander Manterolak euskal jolasen inguruko monografikoa egin ebelako. Anderri goitibeherea zer dan galdetu, eta guk geuk identifikauta genduzan ardatzak aitatu zituan: Asfaltoa, aldatza eta errodamenduak.

Artisten begiradatik sortutako proiektua da hau, alderdi teknikoa eta etnikoa batzen ahalegindu dira. Asmo hori bat dator -ZKO argitaletxearen ikuspegiagaz. Gu artistak gara, argitaratuko doguzan lanetan disziplina ugari buztartu nahi doguz, azaldu dau Nader Koochaki -ZKO-ko kideak. Hain zuzen be, Geldi da argitaletxe barriaren lehenengo argitalpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu