'Hegats 56' aldizkaria berbagai gaur Ahotsenean

Bizkaie! 2018-12-07 10:02   Kulturea

Irudienean, ostera, Errementari filma emongo dabe.

Durangoko Azokearen hirugarren egunak sorpresa ugari ekarriko deutsez bisitariei. Horreetako bat, Euskal Idazleen Alkarteak plazaratzen dauen Hegats aldizkariaren zenbaki barria, 56.a. Orain dala egun batzuk aurkeztu eben Donostian eta, gaur, Durangora hurreratzen diranek ale barriaren inguruko detaile guztiak ezagutu ahal izango ditue, Ahotsenea guneko barriketaldietan, 17:30ean.

Urtero ateratzen dabe Hegats, espiritu barritzailez, sortzaileei gogoetarako eta literatureagaz esperimentetako lekua emonaz. Aurtengo alearen zuzendaria Garazi Arrula izan da, eta Hitz beste izenburua da edukien ardatza. Idazleak ez eze, beste disziplina askotako sortzaileak ekarri ditue ale honetako orrietara, literaturea liburuak idaztetik harago doa eta.

Hegats 56-ko kolaboratzaileen artean, honeek dagoz: Ander Perez Argote, Yurre Ugarte, Bakartxo Arrizabalaga, Garazi Ugalde Pikabea, Ibon Egaña Etxeberria, Miel A. Elustondo eta Danele Sarriugarte Mochales. Laura Ruiz Saenzek eta Nora Aurrekoetxeak marrazki bidez adierazo dabe euren ikuspegia. Argazki gehienak Sara Berasalucerenak dira.

Durangoko Azokako barikuan beste hitzordu nabarmen asko be izango doguz. Esate baterako, Irudienea guneko Areto Handian, Paul Urkijok zuzendutako Errementari filma emongo dabe (12:30). Musikea nahiago dauenak, Modus Operandi proiektu musikal barriaren kontzertua izango dau Plateruenan, 23:00etan (txarteldegian, 12€).

Areto Nagusian, euskal literaturearen inguruko mahai-inguru interesgarri bi egongo dira bazkalostean. Besteak gure ispilu izenekoan (16:00), Esloveniatik etorriko dira itzultzaile bi, Barbara Pregelj eta Peter Sventina. Euskerazko lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzeaz egingo dabe berba, Juan Kruz Igerabide, Amaia Apalauza eta Elixabete Manterolagaz batera. 17:00etan, ostera, Euskadi Literatura Sariak izango ditue berbagai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa