Habanako gauetan idatzitako liburua plazaratu dau Joseba Sarrionandiak

Bizkaie! 2018-12-04 10:06   Kulturea

Orain dala hiru hamarkada idatzitako Ni ez naiz hemengoa-ren tonua berreskuratu dau.

Ander Lipus eta Dana Moya, errezitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizitzea ez al da oso arrikutsua? izenburua ipini deutso Joseba Sarrionandiak bere liburu barriari (Pamiela). Izenburuak legez, azpitituluak be asko esaten dau idazlearen asmoez: Habanako gaukaria. Kubako uriburuan gauez idatzitako txatalek osotzen dabe liburua. Saiakerearen eta narrazinoaren artean dabil Sarrionandia oraingo honetan.

Orain dala 30 urte baino gehiago, Ni ez naiz hemengoa idatzi eban iurretarrak. Kartzelako bizipenak, egunerokoa agiri ziran han. Lehenengo personan, benetako Sarrionandiaren ikuspegia zan ardatza. Bizitzea ez al da arriskutsua? honetan, bide beretik jo dau idazleak, baina testuingurua goitik behera aldatu jako. Orain Kuban bizi da, Habanan ezarri dau bere bizilekua. Kubako egunerokotik hartutako jazoera, alkarrizketa eta liburuak dira istorioen abiapuntu. Barriro, benetako Joseba Sarrionandia agiri jaku.

Dana dala, gai ugariren inguruan gogoetea egiteko be erabili ditu liburuko pasarteak. Lurraldetasuna eta Altsasuko gazteen kasua, esate baterako. 2018ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean idatzita dago liburua, autorearen arabera. Bost hileko egunerokoa baino, bost hileko gaukaria da, gauez idatzi dauen ezkero.

Donostian aurkeztu dabe liburua, baina Sarrionandia ez da bertan egon, Kubatik bueltau barik segitzen dauelako. Haren ordez, aurkezpenean izan dira Ander Lipus aktorea, Joxe Mari Iturralde idazlea eta Dana Moya aktore kubatarra. Liburuaren pasarte batzuk irakurri ditu Moyak ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu