Herri musikea eta laguntzaile ugari, Joseba Tapiaren proiektu barrian
2018-11-30 09:15 MusikeaBirea hasiko dau abenduaren 9an, Donostian.
Bakarkako ibilbidea hasi ebala 20 urte bete diranez, Joseba Tapiak proiektu berezia atondu dau hurrengo hileetarako, Vint anys izenekoa (Hogei urte, katalanez). Berezia ez eze, alderantzizkoa izango da, normalean egiten dana kontuan hartu ezkero behinik behin. Izan be, kontzertuak emongo ditu lehenengo, talde barriagaz, eta ondoren argitaratuko dau diskoa.
Era horretara, taldekide barriak batuago egongo dira, eta kantu barriak be, onduagoak, Tapiaren esanetan. Abenduaren 9an izango da lehenengo kontzertua, Donostiako Victoria Eugenia antzokian (19:00). Areto serio eta ederrak nahi ditu bira honetarako, eta bera gipuzkoarra izanik, Victoria Eugenia agertoki aproposa begitandu jako bireari ekiteko.
Aurreratu dauenez, ordu bi inguruko kontzertuak izango dira, 25 kantako errepertorioa prest dauka. Honeek izango ditu taldekide: Nerea Erbiti, Ion Celestino, Asier Ituarte, Garazi Petrirena, Julen Leuza, Iñar Sastre, Iñigo Telletxea eta Iker Uriarte. Aspaldiko lagunek be lagunduko deutsie: Leturiak, Xabier Amurizak...
Bestelako doinuak be jorratu izan dituan arren, oraingoan trikitixara bueltauko da Joseba Tapia. Izan be, herri musikea jagokon mailara eroan nahi dau, azken urteotan zabaldu diran aurreretxien eta gitxiespenen aurrean. Trikitia eta taldekideen instrumentuak nahastauta, musika kantagarria eta jantzagarria egitea izan da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!