Kolaborazino eta omenaldi ugari, Esne Beltzaren 'Ni' diskoan

Bizkaie! 2018-11-29 13:42   Musikea

Ohiko moduan, hainbat estiloren arteko fusinoa da lan barria.

Esne Beltzako taldekideak, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Persona transgeneroen errealidadea erakusteko kantea sortzen hasi ziran Esne Beltza taldeko kideak udabarrian eta, konturatu orduko, disko oso bat egiteari ekin eutsien. Ni izeneko abestia da transgeneroei eskainitako hori, bakotxa dan modukoa izatearen aldeko aldarria. Diskoarentzako izenburu aproposa be bada, Xabi Solano taldekidearen esanetan: Gure abestietan gizarte gaiak eta halakoak sarri aitatzen doguz, baina, azken baten, azpian dagoana da norbera dan modukoa izatea, aske izatea da inportanteena.

Berez, talde zabala da Esne Beltza, baina ez dabe eurek bakarrik parte hartu Ni diskoa sortzen. Hasteko eta behin, Marc da Sousa produktoreagaz lan egin dabe. Bestetik, kolaboratzaile ugarik lagundu deutse. Argitzeraino abestian, Valentziako Pupil·les taldeak kolaborau dau eta Gure askatasuna-n, Olatz Salvadorrek.

Ganera, 4 pesos de propina talde uruguaiarraren Mi revolución abestiaren bersino bat sartu dabe, eta talde horretako kideek hartu dabe parte grabazinoan. Enamorada be kanta berezia da, R.I.P talde mitikoari omenaldia egin deutsie eta. Txerra R.I.P-eko kide ohiak eta Tremenda jauriak kolaborau dabe hor.

Zazpigarren estudioko lana dau hau Esne Beltzak, eta betiko legez, estilo eta hizkuntza ugari buztartu ditue. Oraingo honetan, dub-step doinuetara jo dabe gehienbat, aurretik larregi landu barik izan daben estilora. Xabi Solanoren ustez, disko elektriko samarra da, baina amaierako abestian trikiti doinuak sartzeari ez deutsie uko egin. Hamar kantako bildumea da Ni.

Esne Beltzaren disko barriko piezak entzuteko aukerea egongo da Durangoko Plateruenan, abenduaren 6an emongo daben kontzertuan. 2019an birea egiteko asmoa dabe, baina gitxienez martira arte ez dira hasiko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu