Lekutan bizi dan tribua
2018-11-29 11:12 BidaideSiberiako taigako Dukha taldea nomadea eta oreinei jaten emoten deutsiena da.
Planetan lekutako lekuak dagoz eta gero dukhak bizi diran lurraldea dago. Mongolia eta Errusia arteko mugan, Siberiako taigan, oreinei jaten emoten deutsien horreakana heltzeko astero Ulán Bator eta Murun lotzen dituan hegazkina hartu behar da; pintau barri daben eraikin txikitxua da aireportua eta leihoa plastikoagaz zarratuta dagoz han. Hori gitxi ez eta turboreaktore horretako bidaiariek eurek hartu behar ditue maletak.
Horrezaz gan, Mongoliako probintzia dan Khovsgol-en mugea zeharkatzeko baimen berezia eskatu behar da eta prest egon lurreko pista eta amaiera jakinik bako mendietan zehar egun bat eta erdiko bidaia egiteko. Subertea be behar da ze lur orotarikoak eustea ez da gitxi, Tsagaan Nuur-eko instalazino militarretara heltzea ez da bromea; westerna filmetako leku ezin hobea da. Txilioka luzaro egon ostean, aiztoa erraldoia gerrian dauen militar batek oneretxia emoten deutsu. Azken zatia zaldiz egiten da taigako arbolen artean, pare bat edo sei ordu dira, beti be dukha familiak topau dauen lekuaren zein zaldunen trebeziaren arabera.
Baina odisea sano interesgarria da. Herritxuak oso ikusgarriak dira. Jatorria artikoan dauen tribu honetan 200 familia inguru ziran oraintsura arte baina egun 40 bat dira, 250 lagun, planetako azkena nomada estiloari eutsiz, mila orein ingururi jaten emoten deutsena. Beti dagoz hara eta hona mobimentuan, oreinen jatekoaren bila eta, beraz, ez dago jakiterik nondik nora ibiliko diran dinosku gure interpreteak, Jardenbek Akhmerei-k.
Lehenengo kontaktua haran zabal eta luzean izan da, aita eta semea orein gainean hurreratu jakuz beste dozena bat orein atzetik datozela. Ondo goazela, bide segurutik esan deuskue eta hatzamarragaz urruneko mendi magala seinalau deuskue; han ei dagoz dukha familia batzuk. Hara heldukeran bizilekutzat tipi tradizionalak ikusi doguz, Ipar Amerikako aborigenen antzekoak. Gaurkotasuneko osogai bakarra eguzki plakak eta antena parabolikoak dira eta lehenengo pentsau doguna izan da, argindarra behintzat eukiko dabela. Familia baten tipian telebista be badago eta han emon doguz orduak. Tramankulu horreei esker hobeto pasau dogu gaua, gurea ez dan hizkuntzan, serieak, animazinoa, entretenimendurako saioak, mendebaldeko filmak eta bestelakoak ikustea sano entretenigarria da, taigako bizimodu eta bizi baldintza gogorrak ahaztuta. Eta ez dira gitxi ale egiten dabenak.
Azkenean desagertu egingo gara adierazo dau Danaajav Gambosed-ek burumakur, 49 urteko gizonak; gure seme-alabak urira doaz ikasten eta askotariko aukeren barri izaten dabe bertan. Erosoagoa da bizimodua. Baina tradizinoaren arabera, seme-alaba zaharrenak hemen geratu behar dau gurasoakaz azaldu dau.
Duda barik, kosta egiten da sinistea XXI. mendean antxinako bizimoduari eusten deutsien tribuak badagozala egon eta gaurkotasunerako bidea hartzea erraza edo izango litzateke. Erraz ulertzen da askok alde egiteko erabagia hartzea. Oraindino urria izan arren, gauez zeropetik 12 gradura heltzen da tenperaturea eta estufako egurra amaitzen danean be, hor hasten dira koplak. Egurrezko ohearen gainean ez da ondo deskantsetan eta mongoliarren lanazko berokirik barik ez dago lo egiterik.
Halan da be, badagoz gazteak asfaltorik eta modernidaderik gura ez dabenak, berbarako, Galaa Munkhuu eta Uuganaa Borkhuu ezkonbarriak. Dukha etniakok dira biak eta soziologo batzuen eretxiz, endogamia hau benetako arazoa da; orain 20 egun ezkondu ziran eta emaztearen elastiko estuak eta senarraren beroki lodiak ikusita, ez ei dabe nomadismoa baztertzeko ezelako asmorik: Holan bizitea gustetan jaku, natureagaz bat eginda. Badakigu urira joan diran askok miseria gorria topau dabela eta guk hemen daukagu behar dogun guztia adierazo dau senarrak. Udan mendian gora egiten dogu freskurearen bila eta neguan, barriz, arboldaietan sartzen gara dino emazteak.
Baian babesa ez da erabatekoa. Otsoen arriskua nabarmena da eta txakurrak ahausika dabiz gau osoan. Paraje horreetan natureagazko alkarbizitzea ez da beti baketsua eta erasoak be izaten dira. Baina eguzkia agertzen danean, isiltasuna nagusitzen da eta Gantuya Chulujir-ek baino ez dau hausten, oreina erastean sortzen dan zarateak. Nahitaezkoa da esnea barazkirik ez dagoan dietan. Horregaz batera, alkoholdun edari larregi hartzea be ezin baztertu eta horren ondorioz, bizi esperantzarik txikiena dago hemen. Mirakulua da horrenbeste denporan bizirik egotea hemen adierazo dau barreka Danaajav-ek eta arrazoi faltarik ez dauka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!