Euskaldunen Everesteko abenturak, komikian

Bizkaie! 2018-11-28 09:27   Kulturea

Bilbao Mendi Film Festivalen eskutik argitaratu dabe Everest: Herri oso bat gailurrean.

Ramon Olasagasti eta César Llaguno egileak (argazkiak: Bilbao Mendi Film Festival) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagintzatik harago joatea izan da Mendi Film Festivalen amesa, jaialdiko zuzendari Jabi Baraiazarraren arabera. Hau da, mendia eta abenturea beste formatu artistiko batzuetan bultzatzeko asmoz ibili dira azkenaldion. Aurtengo edizinoan, hamaikagarrenean, bete dabe ames hori, Everest: Herri oso bat gailurrean komikiari esker.

Marrazkien bidez, euskal alpinismoaren lorpen garrantzitsuenetako baten kronikea kontetan dau komiki barriak. 1970eko hamarkadan euskal espedizino batzuek (Tximist izenekoak, esaterako), munduko tontorrik altuenera heltzeko ahaleginak egin zituen, baina helburua bete ezinda bueltau ziran. 1980an, ostera, Euskal Herritik talde handi bat abiatu zan, eta Martin Zabaletak ikurrina eroan eban Everesten goiko alderaino, Pasang Temba xerpeagaz batera.

Hain zuzen be, 1974ko eta 1980ko espedizinoen kronika bisuala da komikia. César Llagunok egin ditu marrazkiak, eta Ramon Olasagasti arduratu da gidoiaz eta testuez. Mendi Film Festivalegaz alkarlanean, Sua argitaletxeak plazaratu dau.

Izenburuak aitatzen dauen herri oso bat gailurrean kontzeptua ezinbestekoa da espedizino hareen garrantzia ulertzeko. Izan be, sasoi gorabeheratsuak ziran Euskal Herrian, eta sinbolismo handia hartu eben Everestera igoteko ahaleginek. Herritarren artean oihartzun ikaragarria euki eben espedizinoek eta Zabaletak eta Tembak ikurrina munduko lekurik altuenera eroan ebenean, gizarte guztiaren garaipentzat hartu zan.

Ganera, ondorengo belaunaldientzat eredu izan ziran aitzindari hareek. Everesteko espedizinoei begira hazi zan euskal belaunaldiak nazinoarteko alpinismoan arrastoa itxi daben espedizinoak antolatu zituan hurrengo urteetan. Gaur egungo euskal mendizale handienen inspirazino izan ziran 1970eko hamarkadako igoerak.

Komikia Durangoko Azokako Sua edizinoen erakusmahaian egongo da salgai, baita Bilboko Mendi Film Festivaleko ekitaldietan be. Ganera, ohiko liburudendetan eskuratu ahal izango da.

Komikiaren aurkezpen ofiziala Bilboko Euskal Museoan egin dabe. Han izan dira proiektuaren egile zein bultzatzaileak, euskal alpinismoko persona ezagunak eta erakunde publikoetako ordezkariak. Museoan bertan ipini dabe komikiagaz lotutako erakusketea. Panelen bidez, komikia egiteko prozesua, bineta batzuk eta espedizinoen nondik norakoak azaltzen dira. Urtarrilaren 31ra arte egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu