Ertzak taldeak 'Gaur' diskoa plazaratu dau

Bizkaie! 2018-11-28 08:51   Musikea

Datorren zapatuan, abenduaren 1ean, Bergarako San Juan auzoan joko dabe.

2017ko udan Galizian egindako kontzertu bira baten ondoren, Aritz (trikitixa) eta Amaia (biolina) batu ziran. Bakotxak ekarren esperientziari tiraka, laster kantu propioak sortzen hasi ziran.

Berehala batu jaken Oihane (abeslaria) eta momentu horretan taldeak bere lehen diskoa grabetea erabagi eban. 2018ko udea AME estudioetan pasau eben, lehen melodiak atontzen. Grabaketarako bajua, gitarristea eta bateria batu jakezan.

Oso abesti intimoak dira, giro lasaienetatik giro alaienetarainoko zubia erraz igaroten diran doinuak. Folka oinarritzat hartuta, askotariko soinuak dira nagusi.

Gaur da diskoaren izena: Orainaldian sinisten dogu, topikoa da baina momentua bizi behar da, buruan daukazuna, orain da momentua aurrera eroateko.

Hasieratik hirukoa bada be, talde-lana aurkeztuko dabe zuzenean. Grabaketan; Iker Lauroba, Julen Arrieta eta Ekaitz Otxoa musikarien laguntzinoa izan dabe eta abestiek beste kolore bat hartu dabe.

Kolaborazinoak be izan ditue: Maixa Lizarribar eta Kristina Solanok, ahotsa eta panderoa sartu ditue Bideak abestian. Kataluniako Roba Estesa taldeko Neus eta Clarak ahotsa sartu dabe, Eskuak lotu abestian. Axular eta Larraitzek, ostera, perkusinoak sartu ditue.

Taldearen historia Amaia eta Aritzengandik dator, Amaia musika klasikoan ibili izan da urtetan eta Aritz, musika herrikoian oinarritu da. Hortik Ertzak izena: Askotan instrumentuak baino mugak gure barruan dagoz. Nahiko naturala izan da batzea.

Diskoa autoprodukzinoa da: Mahai gainean jarri genduzan aukera guztiak baina guk baino gehiago beste inork ez dauela maitatuko lan hau argii daukagunez ez dogu beste aukera hoberik ikusi. Bidea ez da oso erraza izan, ezagutzen ez genduzan arlo askotan muturra sartu eta asko ikasi dogu.

Behin diskoa aurkeztuta, orain kontzertuen txandea dator. Datorren zapatuan, abenduaren 1ean, Bergarako San Juan auzoan joko dabe. Ondoren, Durangoko azokan (ahotsenean), egongo dira abenduaren 7an, 15:00retan. Durangoko azokan be egunero Julen Alonso eta Jokin San Josegaz alkarbanatutako salenta lekuan egongo dira diskoak sinatzen eta saltzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu