Durangoko Euskal Dendan 52 erakusmahai egongo dira

Bizkaie! 2018-11-28 08:09   Kulturea

Abenduaren 5etik 9ra, danetariko artisautza lanak ikusi ahal izango dira.

Argazkia: Arbaso | Ikusi handiago | Argazki originala

Artea loratzen lemapean egingo dabe Durangoko 23. Euskal Dendea, Durangoko Azokeagaz batera urtero etorten dan hitzordua. Arbaso alkarteak antolatuta, abenduaren 5etik 9ra Euskal Herri guztitik etorritako 52 artisauk hartuko dabe Udal Merkadua, eskuz egindako produkturik finenak herritarrei hurreratzeko asmoz.

XXI. mendeko artisauek apustua egin dabe barrikuntzearen, diseinuaren, iraunkortasunaren eta antxinako tekniken alde. Apustu personal eta profesionalari esker, euretako asko benetako aitzindari bihurtu dira, adierazo dabe Arbaso alkartekoek. Artisautzea sektore bizia dala dinoe, eta horren adierazle, aurtengo eskulangileen % 20 lehenengoz etorriko dirala Durangora.

Lurraldeka, Bizkaikoak izango dira parte-hartzaileen artetik 25; Arabakoak 9; Gipuzkoakoak be 9; Nafarroakoak 7; eta Lapurdi eta Nafarroa Behereko bana be egongo dira. Bizkaitarren artean, sei Durangaldekoak dira.

Sektoreei jagokenez, danetarikoak topauko ditue bisitariek: Bitxiak, elikagaiak, egurra, beira, zeramikea, narrua, ehungintzea, kosmetikoak, lora lehorrak eta abar. Danetara, 1.600 metro koadroko eremua, eskulangintzearen maitaleentzat apropos-aproposa.

Ganera, urte askoan Durangoko hitzordura agertu eta gero, oraintsu hil dan Zuriñe Agirre gasteiztarra gogoan hartuko dabe. Omenaldia eta agur beroa egiteko asmoz, haren produktuak ikusgai egongo dira Euskal Dendan.

Euskal artisautzea barru-barrutik ezagutu deien, bisitariek tailer eta erakustaldietan parte hartu ahal izango dabe. Antxinako lanbideak zelakoak ziran erakutsiko dabe Arbasokoek, eta zozketak be antolatuko ditue. Erakusmahairik onena be sarituko dau publikoak.

Euskal Dendaren arrakastea hazten dabil azken urteotan, Arbasokoen arabera. Publiko leiala eta gero eta zabalagoa daukie. Igaz, 26.000 bisitari inguru izan zituan azokeak, eta aurtengo aurreikuspena antzekoa da, bisitariei zein salmentei jagokenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu