'Bertsolaritzearen bilakaerea genero ikuspegitik'

Bizkaie! 2018-11-28 07:59   Kulturea

Euskalgintzearen bilakaerea genero ikuspegitik aztertu eta modu artistikoan adierazotea dira lanaren helburu nagusiak.

 

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusiak parte hartu dabe, gaur goizean, Bertsolaritzearen bilakaerea genero ikuspegitik proiektuaren aurkezpenean, Donostiako Udal Liburutegian. Ekimen honek genero ikuspegia bertsolaritzan txertatu danetik, kultur adierazpen honetan izandako ekarpenak eta eraldaketak ikusarazotea dau helburu, eta infografia batean islatu dan ikerketa bat egin da horretarako. Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok landu dabe proiektua, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zein Emakundek diruz lagundu dabe ekimena. Bardintasunaren aldeko politikea zeharlerroko konpromisoa da Eusko Jaurlaritzako sail guztientzat, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak be hainbat ekinbide daukaz martxan sailaren barruan generoaren inguruko kontzientzia sendotu eta bardintasuna bere jarduera guztietara zabaltzeko. Proiektu hau horren adibide da, azaldu dau.

Esangura horretan, Dobaranek azpimarratu dau lan honen balioa generoaren ikuspegitik euskalgintzan egin dan bidea neurtzeko: Euskeraz pentsau, egin eta zabalduko da. Ganera, lanak euskalgintzea dau abiapuntu eta helmuga. Bertsolaritzearen eta, beraz, euskalgintzearen bilakaerea genero ikuspegitik aztertzea eta modu artistikoan adierazotea dira lanaren helburu nagusiak.

Emakundeko idazkari nagusi Zuriñe Elordik, bestalde, gogoratu dau gizarte honek, eta gizarteko neska gazteek, erreferenteen beharra dabela arlo guztietan, sentidu deien eurak be izan daitekezala bertsolari, edo nahi dabena; horretarako, besteak beste, bertsolaritzearen historia genero ikuspegitik barrikustea pausu garrantzitsua dala adierazo dau.

Lan honek modu artistikoan eta begiratu azkarrean jasoteko moduan batu ditu genero aldetik izandako bilakaera horren nondik norakoak. Azaldu dabenez, jentaurrean bertsotan egiten eban emakumerik ez ezagutzetik emakume bertsolari belaunaldi oso bat plazetan ikustera igaro gara: Emakume bertsolariek, plazan lekua hartzeaz gan, begirada feministea ekarri dabe bertsotara, bertsolaritzearen sistemea barrikusteko preminea azaleratuz. Bertsolaritzea gizartearen isla izanik, eta, aldi berean, gizarte-eraldaketarako tresnea, bertsolaritzearen barruan genero ikuspegitik sortu diran analisiak, eztabaidak zein proposamenak euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat alorretara eroan daitekez, adierazo dabe bertsolariek.

Lana egiteko ardurea izan dabenen eretxiz, lan honi esker denpora-tarte laburrean bertsolaritzan emakumeen lanari esker izandako aldaketa, lorpen, bizipen, proiektu, bertso, saretze eta ganerako jazoera esanguratsu eta eraldatzaileen bilduma grafikoa da. Era berean, nabarmendu dabenez, bilakaera hori islatzeaz gan, lan honen bidez honako helburuak be baditue:

- Bertsolaritzearen historia genero ikuspegitik barrikustea.

- Bertsolaritzearen definizino barrien beharra adierazotea.

- Emakume bertsolariek egindako lanaren onuradun bertsolaritzako arlo guztia dala ohartarazotea.

- Bertsolaritzearen bueltan dabizen emakumeen arteko sarea sendotu, berregituratu, harremanak sakondu eta etorkizuneko asmo barriak akuilatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu