Bigarren hamarkadeari indartsu ekingo deutso Mendi Film Festivalek
2018-11-27 13:27 ZinemeaSail Ofizialean 55 film ikusiko dira, eta Zabalandi atal barrian, beste bi.
Abenduaren 7tik 16ra egingo dabe Bilbao Mendi Film Festival, mendia, naturea, abenturea eta zinemagintzea buztartzen dituan nazinoarteko jaialdia. Dagoeneko, 11. edizinora heldu da, sekula baino sendoago. Horren erakusgarri da, aurten, Sail Ofizialerako mundu guztiko 158 proposamen jaso dituela, aurreko urteetan baino gehiago. Azkenean, 55 aukeratu ditue.
Aztarnak da 11. edizinoko leloa, aztarnak segidu eta aztarnak sortzea dalako antolatzaileen asmoa. Gero eta nazinoartekoagoa da aztarna hori, izan be, azken urteotan munduko jaialdi entzutetsuenen artean sartu da Bilbokoa, mendiaren eta abenturearen alorrean. Sail Ofizialean ikusi ahal izango diran 55 pelikulen artean, besteak beste, Estadu Batuetakoak, Kanadakoak, Alemaniakoak, Australiakoak, Brasilgoak, Arabiar Emirerri Batuetakoak, Hego Koreakoak eta Lituaniakoak dagoz.
Baina bertoko produkzinoari be begiratzen deutso Mendi Film Festivalek. Sail Ofizialean lau euskal pelikulak hartuko dabe parte: Pastoreak (Eukeni Arriortua), Tor (Mikel eta Iñaki Urresti), Marierrauskin (Alex Areizaga eta Oier Plazaola) eta Bayandalai (Pablo Vidal eta Aner Etxebarria).
The Dawn Wall filmak zabalduko dau Sail Ofiziala, abenduaren 7an, Euskalduna Jauregian egingo dan inaugurazinoko ekitaldian. Tommy Caldwell filmeko protagonistea bertan izango da. Jabi Baraiazarra jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez, Euskaldunako areto nagusian izango dan arren, salgai ipinitako sarrerak agortu dira dagoeneko, eta goiko pisua be zabalduko dabe, jente gehiago sartu daiten.
Beste saioetarako be, sarrerak ederto saltzen dabizala dino Baraiazarrak: Garbi dago jentea gogoz dagoala. Igaz 10.371 lagun joan ziran jaialdira, eta aurten zenbaki hori hobetu nahi dabe.
Horretarako, nazinoarteko goi mailako zuzendari eta abenturazaleen lanik barritzaileenak ekarriko ditue, eta protagonistetako asko Bilbon izango dira: Michael Brown, Peter Mortimer, Arunas Matelis, Mathieu Le Lay... zuzendarien artean. Abenturazaleei jagokenez, Jean-Yves Fredriksen, David Lama, Nico Favresse, Sean Villanueva eta abar. Bertoko izarrak be ez dira faltauko: Pou anaiak, Kepa Acero eta Silvia Trigueros, besteak beste.
Beste alde batetik, Zabalandi saila sortu dabe aurtengo edizinorako. Euskal Herrian egindako film bi proiektauko ditue hor, lehiaketaz kanpo: Aralar, mundua leku den lurra eta South Lines: Aymar Navarro & Txema Trull.
Hasierako ekitaldia Euskalduna Jauregian izango bada be, proiekzino gehienak Azkuna Zentroan eta BBK Salan izango dira. Ganera, berbaldien zikloa atondu dabe, eta lau erakusketa be egongo dira: Everest, herri oso bat gailurrean eta Mendia bete diru Euskal Museoan; The Climbers erretratuak Zabalguneko eraikinean; eta CVCPHOTO lehiaketako argazkiak BBK Salan eta metro geltokietan.
Horrezaz gan, ohorezko sari bi emongo ditue. Batetik, WOP Saria emongo deutsie Juanjo San Sebastian mendizale bilbotarrari. Bestetik, Kurt Diemberger alpinista, idazle eta zinemagileari IAMF Saria. Hain zuzen be, IAMF-k, nazinoarteko 23 zinemaldi batzen dituan erakundeak, batzar garrantzitsua egingo dau Bilbon.
Mendizaletasunaren emozinoa eta irudi ikusgarriak herritarrei hurreratzen deutsaz mendi Film Festivalek, Eusko Jaurlaritzako Kulturea Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik azaldu dauenez. Mendiak biztuten dauen grinaren isladea adierazpen artistikoetara heltzen da, mendia kirol hutsa baino gehiago da eta, ganeratu dau Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok.
Aurtengo edizinoagaz batera, Everest, herri oso bat gailurrean komikia argitaratu dabe. Ramon Olasagastik idatzitako eta César Llagunok marraztutako istorio grafiko horretan, 1980an Everestera joandako euskal espedizinoaren bizipenak kontetan dira. Aurretik beste ahalegin batzuek huts egin eben, baina 1980ko haretan, euskal mendizaletasuna eta ikurrina munduko tontorrik altuenera eroatea lortu eben.
Lorea Bilbaok eta Aitziber Atorrasagastik azpimarratu dabe, belaunaldi oso batentzat lorpen eredugarria izan zala euskal espedizino ha. Jabi Baraiazarrak zera adierazo dau: Gure amesa jaialdia filmetatik harago eroatea izan da beti, azkenean bete dogu amesa. Everestek mendizaleentzat eta gizarte guztiarentzat mitologia berezia daukala dino Baraiazarrak. Komikiaren bidez, orduko bizipenak berreskuratu nahi izan doguz, belaunaldi guztiei erakusteko.
Azkenik, aitatu beharrekoa da Iñigo Aristegui artisteak diseinautako garaikur barriak emongo deutsiezela sail bakotxeko irabazleei. Aurreko urteetan legez, Eguzkilorea da Mendi Film Festivaleko ikurra, baina Aristeguik itxura barritua emon deutse, egurra eta metalak erabiliz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!