Arriaga Antzokiak Erregalu Txartela jarri dau barriro be salgai

Bizkaie! 2018-11-26 12:17   Kulturea

Ikusle gehiego lortzea da helburua.

Bilboko Arriaga Antzokiak, arte eszenikoen aldeko pasinoa sustatzeko eta ikus-entzuleei antzokira etortea errazteko helburuz, barriro be Erregalu Txartela jarri dau salgai. Txartel horri esker, jasoten dauenak, 2019ko bagilera arteko denporaldi honetako antzerki, musika, opera, jantza zein bestelako ikuskizunez gozau ahal izango dau. Beste modu batean esanda, Arriagako Txartela erregaletan dauenak emozino bikain eta parebakoak erregaletan ditu.

Arriaga Antzokiak eutsi egiten deutso 2013ko Gabonetako kanpainetan martxan jarritako ekimenari, eta izandako erantzun bikainaren ondorioz seigarren urtez jarraian abiarazoten dana. Kanpaineak aitatu helburuari eusten deutso, hau da, ahalik eta persona gehien antzokira erakarri eta harrobia egiten jarraitzea, adiskideak gehituz.

Arriaga Antzokiko Erregalu Txartela eskuratzea, oso prezio egokian eta beste zenbait abantailez kulturea erregaletako aukera bikaina da. Hori dala eta, Gabonaldian senideei edo/eta lagunei egiteko erregalu ezin hobea izan daiteke.

Opari Txartelaren bi modalidade dagoz: Batak 40 euroko saldokoa eta bestea 100 eurokoa. Aukera bietako edozeinek dakar denporaldi honetarako Arriaga Antzokiko sarrerak erosteko aukerea (saldoa agortu arte). Holan erositako sarrerek, lehen unetik % 25era hel daitekezan beherapenak ditue.

Horrezaz gan, Erregalu Txartela dauenak beste abantaila bat be badauka: saldoa agortu ondoren, Arriagako Adiskide karneta doban lortu leike. Karnet horren titularrak sarrerak beherapenagaz erosten jarraitzeko eskubidea eta bestelako zenbait abantaila izango ditu denporaldi honetan, 2019ko bagilera arte. Erregalu Txartelaren saldoa amaitu ondoren, aitatutako karneta doban lortzeko, nahikoa izango da antzokiko Informazino Bulegora hurreratu eta Erregalu Txartela aurkeztea.


Baliogarria sarrerak txarteldegian eta Internetez erosteko

Erregalu Txartelak sarreren prezioan abantailak dituen eskaintzak dakarz, balio osoa amaitu arte (40 edo 100 euro, modalidadearen arabera). Arriaga Antzokiko txarteldegietan erabili daiteke, baita on-line egiten dan edozein erosketatan be (www.teatroarriaga.eus). Sarrerak Internetez erosteko, Erregalu Txartelaren jaubeak txartel bakotxean dagoan kodea sartu beharko dau.


Salmenta puntuak

Erregalu Txartela dagoeneko erosi daiteke Informazino Bulegoan edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.

1.- Informazino bulegoa. Astelehenetik barikura: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00retara. Telefonoa: 94 479 20 36 / e-posta: informacion@teatroarriaga.eus

2.- Txarteldegiak. Astelehen, martitzen, zapatu eta domekatan: 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00retara; eguazten, eguen eta barikuetan: 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00retara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu