Elvira Lindo protagonista 'XXI. Mendeko Emakume Idazleak' zikloan

Bizkaie! 2018-11-23 13:11   Kulturea

Hitzordua zemendiaren 28an izango da. Sartzea doban.

Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak narratiba garaikideko emakume egileei buruzko XXI. mendeko Emakume Idazleak zikloari berrekingo deutso zemendiaren 28an. Hitzordu honek Elvira Lindo idazle andaluziarra, Manolito Gafotas personaia ezagunaren egilea, jasoko dau.

Kulturan espezializautako Idoia Jauregi kazetariak gidatuko dauen XXI. mendeko Emakume Idazleak zikloa igaz inaugurau eben, irakurleen aldetik be harrera bikaina jaso daben literatura garaikideko emakume idazleak ardatz hartuta. Orain arte topaketetan parte hartu dabenak ondokoak izan dira: Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Najat El Hachmi eta Karmele Jaio.

Topaketa hau bat dator 30 maneras de quitarse el sombrero (Seix Barral) Elvira Lindoren azken liburuaren argitalpenagaz, euren lana gizonezkoen kanonetik aparte aurrera eroan daben emakume sortzaileen lana eta bizi izan ziran sasoia aztertzen daben 29 saiakeraren bildumea, izan be, hogeiko hamarkadan, Maruja Mallok, Margarita Mansok eta Concha Méndezek garai haretako arauei aurre egin eutseen, Puerta del Solen bertan kapela kentzean, keinu hori desobedientzia ekintza bilakatuz. Emakume idazleek, margolariek, argazkilariek eta hainbat diziplinatako sortzaileek euren eredua jarraitu dabe, euren eretxiak adierazo eta munduari buruz daben ikuspegi berezia euren garaiko kultur eztabaidara eroanez. Historian zehar asko izan dira gehien bat gizonezkoen esku egoan komunidade intelektualetik urrunduta izandako gizarte arloko inposizinoaren kapela kendu behar izan daben emakumeak.


Elvira Lindo (Cadiz, 1962)

Irratian hasi zan lanean, hemeretzi urte zituala, esatari, aurkezle eta gidoilari, eta lan bera egin eban ondoren telebistan. Gidoi horreetatik sortu zan Manolito Gafotas personaia, upealako erantzuna izan ebana seriearen lehen argitalpenean, 1994an, eta 1998an, Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazionala irabazi ebana. El otro barrio (1998), eszenatokietarako moldatutako Algo más inesperado que la muerte (2003), Lo que me queda por vivir (2010), Lugares que no quiero compartir con nadie (2011) eta Noches sin dormir (2015) eleberriak argitaratu ditu. 2005ean, Biblioteca Breve Saria irabazi eban, erantzun bikaina tarteko zinemara eroandako Una palabra tuya eleberriarengaitik. Egun El País egunkarian dabil.

Kontuak kontu, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sartzea doban izango da aretoko leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu