Bizkaiko Diseinu Astean 14.000 lagunek hartu dabe parte

Bizkaie! 2018-11-23 08:07   Kulturea

Berbaldiak, erakusketak eta tailerrak egon dira, besteak beste.

Argazkiak: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Bizkaia D Week 2018 atzo amaitu zan eta antolatzaileek zortzi eguneko topaketa horren balantzea egin dabe. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak laugarren urtez sustatu dabe diseinuaren eta sormenaren inguruko nazinoarteko ekimen hau, Bilbon eta Bizkaian sektorea bultzatu eta zabaltzeko asmoz.

Bizkaiko leku ezagunetan egin ditue jarduerak: Bilboko Arte Eder Museoan, Euskalduna Jauregian, Bilborocken, Zabalguneko erakinean, Azkuna Zentroan eta Getxoko Punta Begoña galerietan. Berbaldietan, 150 hizlari inguru egon dira, eta sektoreko 5.000 bat profesionalek hartu dabe parte jardueretan. Bertoko eta kanpoko 250 enpresak bialdu dabe ordezkaritzea.

Danetara 46 ekintza antolatu ditue, eta 14.000 personak hartu dabe parte. Bilbao Bizkaia D Week-era etorri diranetako asko gazteak dirala ikusi dabe antolatzaileek, eta hori be positibotzat jo dabe. Interneten oihartzun handia izan dau ekimenak: 1,4 miloe aitamen baino gehiago.

Aurtengo edizinoko barritasun nagusia hiperdiseinuaren inguruan atondutako programea izan da; erronka nagusia gaur egungo diseinuaren mugak zalantzan jartea izan da, baita beste diziplina batzukaz buztartzerakoan (artea eta teknologia, esaterako) diseinuaren arloak eskaintzen dituan aukerak aztertzea be.

Bizkaian sormen industriek daukien balioa agertzeko be erabili dabe ekimena Udalak eta Foru Aldundiak. Guztira, 5.820 enpresa inguru dira, eta 19.643 profesionali emoten deutsie lana Bilbon eta Bizkaian. Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean % 1,2koa izan da, eta enpleguak % 2,6 hazi dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu