ABAO-OLBEk milagarren operea aurkeztuko dau

Bizkaie! 2018-11-22 10:36   Musikea

Beethovenen Fidelio eroango dabe oholtzara zapatuan, hilak 24.

ABAO-OLBEko kideak, 'Fidelio' operea aurkezten (argazkia: ABAO-OLBE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Operearen Lagunen Bilboko Alkarteak, ABAO-OLBEk, mugarria jarriko dau asteburuan bere historia oparoan. Euskalduna Jauregian antolatu daben ikuskizuna alkartearen historiako milagarren opera-emonaldia izango da. 67 denporaldi daroaz ABAO-OLBEk Bilbon opera-egitarau egonkorra eskaintzen.

Milagarren operea izatearen ohorea musika klasikoaren konpositore ospetsuenetako bati egokitu jako. Ludwig van Beethoven alemaniarraren Fidelio emongo dabe zapatuan. Bitxia bada be, hori da Beethovenek idatzitako opera bakarra, baina bestelako konposizino batzuetan ondare aberatsa sortu eban.

Ganera, emonaldi horretan, Juanjo Mena Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzara bueltauko da. Aurretik be, zeregin horretan ibili zan, 1999tik 2008ra. Fidelio, zapatuan ez eze, beste hiru saiotan be ikusi ahal izango da, zemendiaren 27an eta 30ean, eta abenduaren 3an.

Halandabe, emonaldirik bereziena zapatu honetakoa izango da, milagarrena izango dalako. Horrezaz gan, kontzertu solidarioa izango da, ABAO-OLBEk Fair Saturday ekimenagaz bat egin dauelako. Saltzen dan sarrera bakotxeko 5 euro emongo ditue, Senegalen proiektu solidario baterako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu