'AztiHitza', Xahoren biografia marraztua aurkeztu dau Asisko Urmenetak

Bizkaie! 2018-11-21 07:59   Kulturea

XIX. mendeko pentsalari eta ekintzaile zuberotarraren inguruko datu bitxi asko batu ditu.

Asisko Urmeneta, 'AztiHitza' aurkezten (argazkia: Zenbat Gara) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kulturearen bultzatzaile eta suspertzaile izan zan Agosti Xaho, eta haren ekarpena ahaztu ez daiten, liburu grafiko biografikoa egin dau Asisko Urmenetak; BioGrafikoa, egileak azaldu dauenez. Xahoren biografia arrunta baino gehiago da, pentsalari eta ekintzaile zuberotarraren bizitzako pasarte ahaztuak, pasadizo bitxiak eta datu esanguratsuak batu ditu.

Izenburuagaz be olgau dau Urmenetak. 1834an Xahok argitaratutako Azti Begia liburuaren azalaren remake-a egin dau, eta izenburua be liburu horretatik hartu dau, baina berba-jokoa eginaz: Palindromoa da AztiHitza, hau da, atzekoz aurrera bardin irakurtzen da.

Xahoren irudi ikonikoa be apurtu dau Urmenetak. Ule luzedun gizontzat agertu izan da beti Xaho, baina Urmenetak jakin ahal izan dau, berez, erretratu hori Anton Abbadiarena dala. Benetako erretratua topau dau Urmenetak. Bere ikerketan, Xaho feministeagaz be topo egin dau, eta, datu bitxien artean, euskera batuaren beharra ikusi ebanekoa: Hizkera estandarra mende erdian lortu behar zala esan eban, noz eta 1843an.

Erroa argitaletxeak plazaratu dau AztiHitza, 2015eko Gabriel Arestirenaren ondoren, bigarren BioGrafikoa da hau. Oraingoan, baina, alkarlanean jardun dau Erroak, Atharratzeko Prefosta alkarteagaz eta Herrima talde kulturalagaz.

Xabier Monasterio Erroa argitaletxeko kideak zera adierazo dau liburuaren aurkezpenean: Alkarlana da, lagun eta alkarte askoren artekoa dalako, eta ikerlana da ez dalako komiki liburu solte bat. Ez, hona orduko testu eta artxibo asko irakurri behar izan ditu Asiskok. Horri esker gauza barri asko ikasiko doguz Xahori buruz eta haren inguruko irudia aldatuarazoko deusku.

Bilboko lehen aurkezpen honen ostean, zapatuan, hilak 24, Atharratzen barriro aurkeztuko dabe AztiHitza. Durangoko Azokan salgai izango da, 20 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu