'Sortzaile barriei be lekua egin gura deutsegu 53. Azokan'

Bizkaie! 2018-11-20 13:25   Kulturea

Durangoko Landakon 247 stand eta horreetan 439 barrikuntza egongo dira.

DA! asko dira lelopean, 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari eta bestelakoak izango dira aurten.

Durangoko Azokeak 53. edizinoko barrikuntzak eta datu orokorrak aurkeztu ditu gaur, hilak 20, Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Gaur hasi dira, hain zuzen be, Landako guneko erakusleihoak atontzeko lanak. Hutsik agertu da Landako gunea gaurko aurkezpenean, baina abenduaren 5etik 9ra arte, barrikuntzez eta ekitaldiz beteko da.

Sortzaile barriak eta autoproduktoreen plazea be izango da bosgarren urtez, eta 17 autoproduktore egongo dira bertan. Nerea Mujika, Gerediagako buruaren esanetan, Aurtengo Azokea askotarikoa izango da, azken hilebeteetan euskal kultureak itxitako uzta oparoaren isla: 158 argitaletxe, diskoetxe, kultur alkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dabe.

Era berean, Nerea Mujikak adierazo dauenez, sortzaile barriei be lekua egin nahi deutsegu Azokan. Horregatik sortzaile barrientzat sormen beka bat sortu eta Azokan emongo dogu irabazlearen barri.

Kontuak kontu, Landako gunean, 247 stand eta horreetan 439 barrikuntza egongo dira. 

Durangoko Azokako guneetako ordezkariak:

- Oihane Agirre (Azoka TB): Barrikuntzakaz gatoz aurten eta Azokea Telebista ibiltaria izango da: Azokako guneetan jazotako guztia ikus-entzunezko formatuan jasotea izango dauena helburu. Hainbat gunegaz alkarlanean, telebistak propio sortuko ditu edukiak.

- Ihintza Orbegozo (Plateruena): Aurten be gauean formatu handiko kontzertuak izango ditugu, eta aurten, barritasuna izango da egunero eguerditan Azoka Telebisteagaz alkarlanean, Hautsi Bolumena musika saioa izango dogula.

- Esther Soto (AretoNagusia): Areto Nagusian sortzaileak, erakundeak eta gizarte mobimentuak izango dira, eta danetariko proiektu eta lanak eskainiko ditue. Horrezaz gan, bosgarren urtez, Areto Nagusian kokatuko da Gogoetaren Plazea.

- Gorka Julio (kabiadurango): Kabi@k aurten bere kokalekua aldatu eta Landako barruan egongo gara. Programazinoa irakasteko mahai-joko bat izateaz gan, proiektu ezbardin eta askotarikoak ezagutzeko aukerea izango dogu.

- Itsaso Gangoitia (Saguganbara): Bete-betea dator Saguganbarako egitaraua beste urte batez, eta barrikuntza legez, ahozkotasunari garrantzia eta balioa emon guran, azken egunerako ipuin kontalarien maratoia antolatu dogu.

- Arantza Arrazola (Szenatokia): Luzarotik dator @San_agustin_kg eta Azokearen arteko loturea, eta aurten egunero taula gainean disfrutetako emonaldi bat egongo da.

- Unai Pelayo (Ahotsenea): Danetara, 70 kontzertu izango dira Ahotsenean, eta barriketaldietan, barriz, 42 aurkezpen egongo dira.

- Johana Olabarria (Irudienea): Irudienean 2018an sorturiko ikus-entzunezkoak eta 2019an aurkeztuko diranak ikusi ahal izango dira, eta sortzaileak, aktoreak eta zuzendariak bertan izango ditugu euren lanak aurkezten.


Oharrak

Nerea Mujikak azaldu dauenez, aurtengo Azokako aurrekontua 659.912 eurokoa da. Mujikak
azpimarratu dauenez, kopuru horregaz Azokeak egiten dauen ekarpena handia da: Alde batetik, euskal kulturearen transmisino eta zabalkundeari jagokonez eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten deutsona.

Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz etorteko gonbita egin deutse azokazaleei. Autoz etorriko diranentzat, dobako autobus zerbitzua egongo dala gogoratu dau, Landakotik Iurretako peaje inguruko aparkalekuetaraino, 20 minuturo.



Abenduaren 5etik 9ra arte, bost eguneko azokea izango da laugarren urtez:

- Ordutegia: 10:30etik 20:00ak arte (Landako Gunea).
- Abenduak 5: Ikasle eguna. Ate edegierea, 10:30ean.
- Abenduak 5: Inaugurazino ekitadia. 19:00etan, Areto Nagusian.
- Abenduak 6: Sormen Bekea. Prentsaurrekoa. 11:00etan, Areto Nagusian.
- Abenduak 9: Ateak zarratzea, 20:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu