Belatz talde gernikarrak irabazi dau 10. Banden Lehia

Bizkaie! 2018-11-19 07:55   Musikea

Belatz talde gernikarra izan da irabazlea. Ganerakoak, bigarren postuan Zizel; 3. postuan, Dekot; eta 4. lekuan, barriz, Nau.

Banden Lehia euskerazko musika eta talde amateurrak ezagutarazo eta saritzen dituan lehiaketea da. Txapelketa honek euskerazko musikea sustatzea dau helburu; Azkue Fundazinoak antolatuta, urtero egiten da iraila-zemendia bitartean.

Aurten 10 urte bete ditu eta pasa dan zapatuan, hilaren 17an, Bilboko Bilborock Aretoan jokatutako finalean izandako taldeen artean Belatz talde gernikarra izan da irabazlea. Ganerakoak, bigarren postuan Zizel; 3. postuan, Dekot; eta 4. lekuan, barriz, Nau.

Talde irabazleak honako sariak irabaziko ditu: Baga-Biga diskoetxeagaz disko bat argitaratu; 2019ko Bilbao BBK Live jaialdian kontzertua emoteko aukerea; 2019ko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian kontzertua; bideoklip bat grabau, editau eta produkzinoaren ostekoa; 2019 Mundaka Festival jaialdian kontzertua; eta 500€ baliodun diru-txekea.

Urtero legez, publikoak eta epaimahai profesional batek aukeratzen dabe zeintzuk diran banda finalistak eta zein izango dan edizio honetako banda irabazlea. Kontuak kontu, ondokoak izan dira aurtengo epaimahaia osotu dabenak: Zuriñe Maguregi, Zuriñe Hidalgo, Ritxi Aizpuru, Beatriz Concepcion eta Amets Rodriguez.

Belatz

Belatz 2015. urtean Gernikan sortutako rock taldea da. Lehengo rock-a eta gaur egungoaren arteko nahaste bat egiten dabela esan daiteke, freskotasun puntua bilatuz, betibe bateria, bajua, gitarrea eta ahots butarketa klasikoaren barruan. Melodiak ondo zaintzea gustetan jake, abesti bakotxari bere soinua eta nortasuna bilatuz, transmitidu behar dauenaren arabera. 2018ko urrian, Denboraren esklabu izeneko gure lehen lana dago eskuragai, 4 abestiz osotua.

Belatz taldeko kideak dira Ibon Bilbao, gitarristea; Asier Zabala, abeslaria; Endika Elizaga, gitarristea; Pello Arriola, bateria; eta Mikel Conde, bajua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu