'Ghero' antzezlana hilaren 20an estreinauko dabe, Arriagan

Bizkaie! 2018-11-16 10:32   Kulturea

Tartean Teatroaren eta Euskaltzaindiaren alkarlanetik sortu da obrea.

Antzezlaneko eta Euskaltzaindiko kideak, Arriaga Antzokian (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Etorkizunera begiratzen dauen antzezlana da Ghero: 3000. urtean, euskaldun bakarra geratzen da munduan, eta horrek zalantzak eta gogoetak eragiten ditu. Patxo Telleria aktore eta gidoilariaren arabera, fabula itxurakoa da obrea, bizirik irauteko gogoaren inguruko istorioa: Adierazo nahi dogu euskareagaz dogun harridurea eta gure miresmena.

Komedia da gidoiaren ardatza, baina beste genero batzuk be sartu ditue. Jokin Oregi zuzendariaren ustez, publikoa harritu egingo dau Ghero-k, alderdi estetikotik arrisku handiak hartu dituelako. Alkarri lotutako bederatzi istorio dira, baina obreak badauka osotasun eta erritmo bakar bat, Mikel Martinez aktorearen arabera. Musikeak be pisua dauka istorioan.

Antzezlaneko aktoreak Mikel Martinez, Patxo Telleria, Iñaki Maruri, Olatz Ganboa eta Ane Pikaza dira. Aitatutako moduan, gidoia Patxo Telleriarena da, eta zuzendari Jokin Oregi ibili da. Musika arloa Iñaki Salvadorren ardurea izan da, eta jantziak eta eszenografia, Ana Garayrena.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunakaz bat dator Ghero-ren estreinaldia. Akademia eta Tartean Teatroa izan dira produktoreak, baina sorkuntza aldetik askatasun erabatekoa emon deutse Euskaltzaindiak. Hau alkarlanaren frutua da, baina ez da guk Tarteani egindako enkargu zehatz bat, askatasun osoa izan dabe nahi izan dabena egiteko, zehaztu dau Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Aurrestreinaldian egon ziranek azpimarratu dabenez, antzezlan hunkigarria, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikaz ausarta da Ghero. Estreinaldia, zemendiaren 20an eta 21ean izango da, Bilboko Arriaga Antzokian. Hau da, martitzenean eta eguaztenean. Egun bietan, 19:30etan. Sarrerak erosteko, hemen.

Ondoren, Euskal Herriko antzoki guztietatik birea egingo dau Ghero-k: Zemendian, Santurtzin (22an) eta Iruñean (28) ikusi ahal izango da; abenduan, Igorren (15), Errenterian (16) eta Elgoibarren (21). 2019an be makina bat hitzordu daukiez lotuta: Oñati, Arrasate, Barakaldo, Berriz, Mungia, Gasteiz, Eibar, Tolosa, Basauri, Getxo...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu