AIKOk karbono-zuntza sartu dau tanborren eta tanbolinen fabrikazinoan

Bizkaie! 2018-11-15 08:33   Musikea

Ezaugarri ergonomikoak eta teknologia modernoenak buztartu ditue.



Musika-tresnak egungo beharretara egokitzeko urte biko ikerketearen ondoren, musika-tresna gama barria aurkeztu dabe, AIKO Drums markeagaz, Iruñeko Ezpela artisautza tailerrak fabrikautakoa. Azken 150 urteetan txistuaren fabrikazinoak benetako iraultzea izan dauen bitartean, egungo tanbolina Erdi Aroan erabilten zanaren ia bardina da.

AIKO Taldeak musika-tresnearen espezialistak izan ditu lankide tanbor barritzaileak eta horreen makilak diseinetako orduan, eta aurkezteko dobako Master Class-ak antolatu dira Bilbon, Gasteizen, Errenterian eta Iruñean,

AIKO Taldea orain hamar urte baino gehiagotik musika eta jantza tradizionalaren eguneratzean eta zabalkundean lan egiten dauen musikarien eta jantza maisuen kolektiboak, AIKO Drums aurkeztu dau, Iruñeko Ezpela artisautza tailerrak fabrikauko dauen diseinu propioko perkusino musika-tresna barritzailea. Ekimena proposamen iraultzailea da, material barriak sartuko dituelako, karbono-zuntza, besteak beste, funtzionamendua eta egonkortasuna hobetuko ditualako eta, horrezaz gan, Erdi Arotik ia ezelako aldaketa barik iraun dauen musika-tresneari oso kanpoko itxura barritzailea emon deutsolako. Bilbon egindako aurkezpen ekitaldian Aiko Taldeko Sabin Bikandi, Asier García, Vicent Zaragoza eta Elur Arrieta musikariak eta Raúl Pariente Ezpelako luthierrak hartu dabe parte.

Ekimen horren bitartez, AIKO Taldeak barrikuntzearen eta aniztasunaren aldeko apustua egiten dau barriro be bere jardueren katalogoan. Jantza eta kantu tradizionaleko ikastaroei, mueta guztietako agertokietan antolatutako erromeriei, diskoen grabazinoari eta ikus-entzunezkoak egiteari, orain musika-tresnen ikerketa eta diseinua gehitzen jake. AIKO Drums urte biko lanaren emoitzea da, tanbolina bezain elementu tradizionalaren fabrikazinoan eta interpretazinoan adituak diranakaz lankidetza estuan.

Kontuan izan behar da euskal musika tradizionalaren beste klasikoak, txistuak, benetako iraultzea bizi izan dauela azken 150 urteetan, joteko teknikan eta txistua egiteko moduan: metalezko ahokoa eta mihina, musika-tresneari eusteko eraztuna, egur autoktonoak ordezkatu dituen material barriak, etab. Tanborrak, barriz, ez dau ia ezelako aldaketarik izan Erdi Arotik.

Premisa horretatik abiatuta, AIKO Taldearen bokazinoa musika-tresna egungo beharretara egokitzea izan da, baina soinu onena lortzeari lehentasuna emonez. Eta horretarako, tanbolinen fabrikazinoan aditu handia dan Iruñeko Ezpela tailerreko Raul Pariente artisauaren eta txistu jotzaile onenen lankidetzea izan dau; horreen artean dagoz Bizkaiko Gaiteroak alkarteko Garikoitz Mendizabal eta Aitor Urquiza, Juanma Urriza ‘Boli’ edo antxinako musikea joten espezialista diran Pedro Estevan edo Dani Garai, besteak beste.

AIKO Taldeko musikarien ezagupenagaz eta adituen ekarpenakaz, musika-tresnak barriro diseinetako plangintzea, artisautzea, barrikuntzea eta teknologia barriak batuko dituen tanbor barrien bildumea sortzea izan da, baldintza ergonomikoak be oso kontuan izanda, interpretatzailearen erosotasunerako (eskumuturren, sorbalden, besoen, bizkarraren jarrerea, mobikortasun orokorra....).

Horregaz batera, soinu onena lortzeko material onenak aukeratu dira eta, horri jagokonez, AIKO Drums-ek tanbor linea bi eskaintzen ditu: bat tradizionalagoa, hari bidezko antxinako teinkatze sistemea erabiliz fabrikautakoa (Aiko Early); bestean, barriz, Ezpelako Raul Parientek tanbor horreetarako berariaz diseinautako altzairuzko torlojuen bitartez teinkatzen dira tanborrak (Aiko Tech). Edozein tanborretan musika-tresna jotzaileak tanborraren gorputz nagusia egiteko egur onenak aukeratu leikez, intxaurrondoa, haretxa edo mongoy-a edo baita karbono zuntzea be, altzairua baino material erresistenteagoa, egurra bezain arina eta hezetasunak edo tenperatureak aldarazoten ez dabena, ezaugarri bikainak dituana.

AIKO Drums lerro bi horreetan merkaturatuko da, partxearen teinkatzea harizkoa edo mekanikoa izatearen arabera. Horrezaz gan, AIKO Drums-ek tanbor barri horreetarako makila lerro barria be badakar, diseinu eta material desbardinakaz fabrikautakoak, erabilerearen eta musika-tresna jotzailearen zaletasunen arabera.


Dobako Master Class-ak zemendian eta abenduan

Tanbolin, atabal eta tanbor lerro barritzaile horren aurkezpengaz bat etorriz, AIKO Taldeko atal erritmikoko arduradunek (Sabin Bikandi, Asier García eta Vicent Zaragoza), Ezpelak babestuta, zenbait Master Class antolatu ditue Bilbon, Iruñean, Errenterian eta Gasteizen. Aukera parebakoa izango da musika-tresna barriak aurkezteko eta taldeak perkusinoan dauen esperientzia konpartiduteko: afinetako modua, joteko zenbait teknika, gorputzaren eta eskuaren jarrera egokiak, soinuaren kalidade desbardinak, arrada bikotxetarako eta hirukotxetarako teknikak, baliabide dinamikoak, azentuak, ikasketa eta hobekuntza ariketak, etab.

Master Class horreek ondoko egunetan izango dira: zemendiaren 23an, Bilbon (BilbaoMusikaren egoitzam), zemendiaren 24an, Iruñean (Joaquín Maya Musika Eskola Berezia), abenduaren 1ean, Errenterian (Errenteria Musikal) eta abenduaren 2an, Vitoria-Gasteizen (Musikaetxea). Txistu eta perkusino irakasleei, ikasleei eta jotzaileei eta orokorrean zale guztiei zuzenduta egongo dira, eta aiko@aikotaldea.eus helbidearen edo 687 922 426 zenbakian SMS edo whatsapp bitartez emon ahal izango da izena.

Vicent Zaragoza Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusino bakarlaria da, Asier Garcia Bilboko Udal Txistulari Bandearen atabal jotzailea eta perkusino tradizionaleko erreferentea; eta Sabin Bikandi, Bilboko Udal Bandako txistularia izateaz gan, konposatzailea eta jantza maisua da eta Musika konposizino onenaren Max Saria irabazi eban 2015ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu