Musika Bulegoa sari berezia, Juan Mari Beltranentzat
2018-11-14 13:20 Musikea2018ko beste sarituak Gabriel Erkoreka, Izaro, Atom Rhumba, Elkano Browning Cream, Tosta Banda eta Kalakan dira.
Euskal Herriko Musika Bulego Alkarteak, EHMBEk, urtero emoten ditu Musika Bulegoa sariak, hainbat arlotan nabarmendu diran artistei autortzea egiteko. 2018koa hirugarren edizinoa da. Iruñean egindako agerraldi baten emon ditue jakitera aurtengo irabazleak.
Batetik, Gabriel Erkoreka konpositoreari emon deutsie saria, Carta Blanca saioan eskainitako kontzertu bategaitik. Tosta Bandak be jaso dau autortzea, Europako zazpi kultura txiki buztartzen dituan Tosta proiektuagaitik. Bestetik, hiru disko nabarmendu ditue Musika Bulegoa sarietan: Bor Bor (Elkano Browning Cream), Cosmic Lexicon (Atom Rhumba) eta Eason (Izaro).
Ganera, EHMBE sari berezia emongo deutsie Juan Mari Beltrani, euskal doinu tradizionalak berreskuratu eta zabaltzen egin dauen ibilbide luzeagaitik. Zehatzago esanda, Beltranen Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa proiektua nabarmendu dabe. Amaitzeko, euskal musikea nazinoartean zabaltzeagaitik emoten dan Etxepare Euskal Institutua Musika Saria, Kalakan taldeak irabazi dau.
2018ko Musika Bulegoa sarietara 71 proposamen aurkeztu dira. Epaimahaian honeek egon dira: Javier Sagastume soinu teknikaria, Itziar Larrinaga (Musikene), Jose Miguel Lopez (Radio 3), Ainhoa Agirre (EITB), Suso Saiz musikaria, François Maton (Atabal), Errege Belda musikaria eta Kristine Solano musikaria.
Sariak zemendiaren 19an banatuko ditue, Iruñeko Baluarte aretoan egingo dan ekitaldi berezian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!