Gipuzkoako Urrezko Dominea jasoko dau Jakin taldeak abenduan

Bizkaie! 2018-11-14 09:11   Kulturea

Jakinen ekarpena ezinbestekoa da egungo euskal kulturearen aniztasuna eta zabalkundea ulertzeko.

Diputaduen Kontseiluak erabagi dau espedientea hastea Gipuzkoako Urrezko Dominea, hau da, Foru Aldundiak emoten dauen bereizgarri gorena, Jakin taldeari emoteko. Kultura taldea, aldizkaria eta argitaletxea da Jakin. Aldizkaria Arantzazun (Oñati) sortu eben frankismo betean eta euskeraz kaleratzen diranen artean beteranoetakoa da. Kultura eta pentsamendua jorratzen ditu. Jakin taldeko kide nabarmenak Joseba Intxausti (Segura, 1936), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, 1942) eta Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) dira.

Jakin taldeak bere ibilbide luzean egindako lanaren izakerea era honetan laburbatu daiteke: euskal kultur adierazpideak modernidadearen bidean kokatzen jakin dau, guztizko askatasun intelektualari sekula uko egin barik, mendebaldeko zibilizazinoaren balio aurrerakoien funtsaren gainean proiektu sortzaile iraunkor eta edegi bat eratzeko, azaldu dau Imanol Lasa foru bozeroaileak. Holan, Gipuzkoar guztien izenean, bost esparru honeetan taldeak egindako lana autortu nahi dau Foru Aldundiak: pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskera batuan.

Lasaren esanetan, euskalgintzea ulertzeko, biziteko eta aldarrikatzeko modu jakin bat garatu dau Jakin taldeak: militantzia eta profesionaltasunaren buztarketa natural eta eraginkorra, euskaltzaletasunaren hobespena, kulturearen autonomia proiektu ideologiko eta politikoakazko, taldearen independentzia, euskerearen zeharkakotasunaren defentsa praktikoa... Haren ekarpena ezinbestekoa da egungo euskal kulturearen aniztasuna eta zabalkundea ulertzeko.

Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai kideen lanari batasun izakerea emon jako bereizgarria erabagiterakoan: Izan be, talde moduan funtzionau dabe beti, fenomeno bakarra akaso euskal kulturearen historian. Alkarregazko loturea ez dabe sekula galdu. Talde horixe izango da, hain zuzen be, beste batzuekaz batera, aldizkariak 1956an sortu zanetik zituan helburuak berresteaz gan, Jakin-en modernizazino prozesua bururaino eroango dauena ia 60 urtez, goraipatu dau bozeroaileak.

Era berean, gogorarazo dau Jakin taldea ez dala aldizkaria zuzendu eta kudeatzeaz bakarrik arduratu; talde horretako kideek azken bost hamarkadotan euskerearen eta euskal kulturearen esparruetan egindako lana ez da gitxi erestekoa. Jakinez kanpoko plataforma ugaritan esku hartu dabe, modu askotan: sortzaile, eragile, bideratzaile, bultzatzaile, edo partaide legez, besteak beste, honako honeetan: UZEI, EUSENOR, EKB, Kontseilua, Euskaldunon Egunkaria, Euskaltzaindia, Elkar Fundazinoa eta argitaletxea, Kulturearen Aldeko Euskal Fundazinoa, edo Euskal Unibersidadea.

Urrezko Dominearen banaketa ekitaldia abenduaren 19an izango da, foru jauregian. Jakinen bultzatzaileen aurretik, Frankismoaren biktimek eta euren senitartekoek (2017), Ramon Saizarbitoriak (2016), Juan Antonio Urbeltzek (2015), Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso eben Dominea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu