Leihotikan, errebelde izateko deia

Bizkaie! 2018-11-14 09:10   Musikea

Non zaude? disko barriak 17 abesti dakarz.

Iruñean egindako aurkezpena (argazkia: Leihotikan) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mende laureneko ibilbidean, zortzigarren diskoa dau Leihotikan taldeak, baina betiko estiloari eutsi deutso. Punk-rockaren oinarrietara jo dabe nafarrek, estilo horren errebeldiaren bila. Iruñean aurkeztu dabe Non zaude?, Gorka Armendariz abeslaria eta Aitor Remon baxujolea bertan dirala.

Gaur egun disko laburrak eta abesti gitxikoak nagusi dira, baina Non zaude? horren kontrakoa da. 17 kantu dakarz, Leihotikanen estilokoak bete-betean. Zati bitan grabau dabe diskoa: Parte bat El Sotano estudioan egin eben, 2017an, Iker Piedrafitagaz. Patxadaz landutako kantak dira. Bigarren partea, ostera, bizkorrago eta presinopean grabauta dago. Alberto Porresegaz ibili dira irailean, K estudioan.

Parte bakotxak jagokon produktorearen ikutua dauka, baina diskoak badauka batasun bat, Leihotikanen estiloak eta mezuak emoten deutsana. 25 urtez estilo bati eustea erronkea izan dala azaldu dabe taldekideek.

Gaur egungo gaien inguruko abestiak dakarz Non zaude?-k, entzulea zirikatzeko asmoz idatziak. Migrazinoa, faxismoa, turismoa, musikearen negozioa eta abar jorratu ditue. Punk-rockak berezkoa dauen izaera errebeldeari eusten ahalegindu dira.

Disko barria aurkezteko lehenengo kontzertua Errenterian joko dabe, abenduaren 1ean, Oarsoinua jaialdian. Ondoren, hil horren 8an, Durangon be izango dira, Ahotsenean. 2019rako be badaukiez emonaldi batzuk hitzartuta, Atarrabian eta Tolosan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu