'Lobo-Otsoa' Endika Lahaineren liburu barria plazan

Bizkaie! 2018-11-14 08:01   Kulturea

Olerki bildumea osotu dau rapero bizkaitarrak.



Endika LaHaine, Barakaldon 1982. urtean jaioa, bere lehenengo idazkiak nerabezaroan idazten hasi zan eta Frantziako kaleetan rap-a ezagutu ostean, horren eragina arnastuta, musika estilo horretan sartzen hasi zan eta handik gitxira, 121 krew taldea osotu eban hainbat lagunekaz batera.

Hogei urte pasau dira sortzailea musika munduan sartu zanetik eta ordutik, proiektu ezbardinen sortzaile eta parte-hartzaile izan da (Bunpada Sound, Suaia eta LaHaine, Salbuespunk...). Ganera, Endikak antzerki munduan be parte hartu dau Fausto herritar eredugarri eta El otro es nosotros antzezlanetan; azken horretan, musika sorkuntza beregan hartu eban Nahiel Ibarrolagaz batera.

Gaur, barriz, sortzaileak bere lan barria aurkeztu dau, liburu formatuan dator eta bere bizitzan parte hartu daben olerki guztiak batu gura izan ditu; horretarako, idazketeari aparteko garrantzia emon eta olerki bildumea osotu dau sortzaileak; Lobo-Otsoa liburuan (Taupaka Alkartea, 2018), olerkiak atalka banandu ditu sortzaileak:

- Lehenengoa, Otso bakartia eta bere kumea izena hartu dauena, Kazuo Koike eta Goseki Kojima mangako autoreetan oinarrituta dago.

- Bigarren atala, El otro es nosotros antzezlanerako sortutako olerki guztiak batu ditu, Ramon Bareak zuzendutako obrea.

- Hirugarrenak, Jose Garran margolariak Bilbon egindako erakusketarako sortutako olerkiak batu ditu.

- Azken atalean, sortzailearentzat azken urteetan garrantzitsuak izan diran olerkiak dagoz: jaiotzak, agurrak, dudak, biziraupenak...

Liburua Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da formatu fisikoan eta laster salmenta puntuen barri emongo dabe. Ganera, hurrengo asteetan, Taupaka Alkartearen webgunean epub eta pdf formatuan doban deskargetako aukerea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu